Hasteko, nondik sortzen da guri datorkigun argindarra?
Gaur egun, mundu mailan, asko aldatzen ari da mix energetikoa. Gure kasuan, iberiar penintsulan, azkenengo urteetan eolikoa izan da argindar-iturri nagusiena, baina oso gertutik jarraitzen diote nuklearrak, gasaren ziklo konbinatuak eta hidroelektrikoak. Lau energia-iturri horiek dira argindarra produzitzeko bide nagusienak gaur egun gurean.
Azken hilabeteotan, gora eta gora joan da argindarraren prezioa. Zerk eragiten du garestitze hori?
Prezioa sistema baztertzaile baten bidez ezartzen da nazioartean. Hau da, argindar guztiaren prezio finala energia sortzeko bide garestienak ezartzen du, eta hori da gasarena orain. Orduan, azkenengo urteetan, eta bereziki azken asteotan, gasaren prezioa asko handitu da, eta horrek eragin du garestitzea.
Zergatik da gasa garestiena?
Produktoreak enkante batean sartzen dira argindarra saltzeko. Energia berriztagarriek eta nuklearrek ezin dute aukeratu noiz produzitu; nuklearrak uneoro egon behar du sortzen, ezin da erreaktorea gelditu, eta berriztagarriek naturak hala ahalbidetzen duenean sortzen dute. Orduan, halako argindarra sortzen dutenei komeni zaie produzitutakoa momentuan saltzea erabiltzeko, eta oso merke jartzen dute prezioa enkantean. Aldiz, hidroelektrikoek eta gasa darabiltenek –ikatza gaur egun oso gutxi erabiltzen da, baina duela gutxira arte oso inportantea zen merkatu elektrikoan–, horiek bai aukera dezakete noiz jarri martxan, eta horiexek dira prezioekin jolasten eta prezioa garestitzen dutenak.
Hidroelektrikoen kasuan, joan den udan, hainbat urtegiko ura askatzen ibili ziren ia muturreraino. Zer eragin du horrek?
Bai, udan, normalean, komeni da urtegietan ura gordetzea lehorteei aurre egiteko eta zelaiak ureztatzeko. Hala ere, argindarraren prezioa oso altu egon zenez, eta ura askatzea oso merkea denez, sortutako energia saltzeko aprobetxatu zuten preziorik garestienean. Modu horretan, izugarrizko irabaziak izan zituzten; windfall profits deritzo horri. Hala, hainbat urtegik ura askatu zuten edukieraren % 10eko kapazitatera heldu arte, eta arriskuan jarri zituzten herritarrak, ezin zelako aurreikusi lehorterik egongo zen edo ez. Baina, tartean, Iberdrolak, adibidez, irabazi milioidunak izan zituen jokaldi horren bidez. Hortaz, hor ikusi ahal izan genuen uraren kudeaketa interes publikoaren esku egon beharrean, lehorteak edo uholdeak ekiditeko kasu, enpresa handien esku daudela, eta horiek erabiltzen dituztela irabaziak handitzeko.
Nondik dator energiari prezioa ezartzeko sistema hori?
Lehen, Espainiako Estatuan, argindarraren prezioa urtearen hasieran ezartzen zen, dekretu bidez, eta kilowatt-orduko salneurria berdina zen urte osoan. Halere, Europak merkatu elektrikoa liberalizatzeko arau bat ezarri zuen 90eko hamarkadaren erdialdean, eta Aznarren gobernuak martxan jarri zuen hori 1998an. Ordutik hainbat aldaketa egon dira, baina finkatu zituzten gaur egungo sistema elektrikoaren ardatz nagusiak, hala nola sistema baztertzailea handizkako merkatu elektrikoaren prezioak finkatzeko.
Aldaketa horregaz, zeinek atera zuen etekin gehien?
Argi dago: handikiek. Oligopolioentzako bideratuta dago sistema; eurek euren irabaziak are gehiago handitzeko.
Noraino igo daiteke argindarraren prezioa?
Ez dago toperik. Baina, orain, azkenengo asteotan Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren ondorioz gasaren prezioa asko igo denez eta horrek argindarraren prezioak markak haustea eragin duenez, Europa mailan muga bat ezartzea eztabaidatzen ari dira.
"Gasolinaren edo argindarraren prezioak igotzen direnean, desberdintasun sozialak are gehiago nabaritzen ditugu. Txiroak dira kolpatuenak. Gizarte justuago batean, kasuotan, aberatsenen irabazietan esku hartu beharko genuke, hala nola enpresa elektrikoen poltsikoetan"
Aurretik, baina, Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu zituen faktura merkatzeko: BEZa txikitu, sortze elektrikoaren zerga kentzea eta elektrizitatearen zerga txikitzea. Hala ere, ez da nahikoa izan. Zelan merkatu liteke argindarraren prezio hori?
Egin behar dena da elektrizitatea saltzeko prezioa ezartzeko metodoa aldatzea. Eta hortik harago, amaitu behar da enpresa elektrikoek merkatu honetan duten boterearekin. Nire ustez, ezin da izan argindarra bezain inportantea den lehengai bat egotea enpresa horien irabazien esku.
Noraino sar dezakete eskua gobernuek horretan?
Egia da zenbait gauza Europatik datozela, baina maila horretan ere estatuetako gobernuek erabakitzen dute. Dena dela, adibidez, enpresa elektrikoak publiko bihurtu daitezke, horretarako bai dituelako aukerak Espainiako Gobernuak; edo maila txikiago batean, produkziorako edo komertzializaziorako enpresa publikoak sortzeko aukera ere badago hemen.
Ukrainako gerraren harira, prezioak goia jo du. Orain, Mendebaldeak Errusiako gasaren dependentzia utzi gura du. Zeintzuk bide har daitezke hori lortzeko?
Epe ertain-luze baterako erabakia da erregai fosilak alde batera uztea, baina horrek eskatzen duena da gizartearen aldaketa oso sakon bat. Halere, egunotan planteatzen ari dena da gasa beste leku batean erostea, eta hori ez da oso errealista. Egia da hemen kontsumitzen den gasaren gehiengoa Aljeriatik datorrela, baina Alemanian, adibidez, uste dut ia erdia dela errusiarra. Beraz, ez dut uste Europa ahalmenik izango duenik Errusiarekiko dependentzia hori alde batera uzteko epe labur batean.
Azken urteetan asko hitz egin da trantsizio energetikoaren inguruan, baina errealitatea da petrolio- eta gas-kontsumoa ez dela murriztu Europan; petrolioaren kasuan apur bat bai, baina gasarenean, kontrara: gora joan da. Beraz, egin behar dena da sakoneko aldaketa bat erregai fosilekiko dependentzia kentzeko. Izan ere, gainera, oraingo hau kontu koiuntural bat da, gerra dela eta, baina epe ertainera, erregai fosilen eskasia izango dugu, estrakzioaren pikora heldu garelako jada. Beraz, aurreikuspenek diote datozen urteetan gasa eta petrolio gutxiago egongo dela produkziorako eta kontsumorako.
Gurean kontsumitzen den gasa Aljeriakoa izan arren, prezioa orokorra da...
Bai, hor ulertu behar duguna da herrialde batzuek utzi nahi diotela erosteari Errusiari eta, horretarako, beste leku batera jo beharko dute, adibidez, Aljeriara. Hala, hara joango dira eskaintza hobeago batekin, eta arazoak egongo dira. Gainera, Aljeriatik iberiar penintsulara datozen bi gasoduktuetako bat itxita dago, Maroko eta Aljeriako gatazkaren ondorioz. Beraz, bakarra dago, Almeriara doana, eta hori jada gehienezko kapazitatean dago. Ondorioz, gurera datorren gasaren ehuneko handi bat itsasontzien bidez dator orain eta, horrela, oso erraz du Aljeriak gasa beste herrialde batzuei saltzea.
Gasa gasoduktuen bitartez garraiatzea askoz ere errentagarriagoa eta seguruagoa da alde bientzako, ezta?
Hori da, behin hori eraikita dagoela, oso merkea da produktua garraiatzea. Horrek bai ematen du segurtasun handi bat produktua jasotzeko. Itsasontzien bidez garraiatu behar denean, aldiz, oihaneko legeak agintzen du; kontratuak ez dira horren lotesleak eta askatasun handiagoa dago erosle batek besteak baino gehiago ordaintzeko eta berera eramateko.
"Egia da gaur egun uranioa merkeagoa dela, baina lehengai hori murrizten denean zer gertatuko da?"
Ildo horretan, ez dira gutxi orain esaten dutenak Lemoizko zentral nuklearra edota fracking-aren erabilera berreskuratu behar direla. Zer deritzozu horri?
Nuklearren kasuan, kontutan izan behar dugu uranioarekiko dependentzia izango genukeela, gurean ez dagoelako halakorik. Beraz, uranioa berdin-berdin inportatu beharko genuke Errusiatik edo Nigerretik. Asko hitz egiten da Frantziaz, eta adibide moduan jartzen da subiranotasun energetikoa duelakoan. Baina hori gezur handia da; Frantziak egiten duena da Nigerretik uranioa hartu eta eurenera eraman. Horretarako, armada erabiltzen dute herrialde hartako kontrola ziurtatzeko. Beraz, horren guztiaren atzean inperialismoa dago, horrek ahalbidetzen diolako Frantziari uranioa eurentzat izatea. Beraz, hemen zentral nuklearrak ezartzea proposatzea da beste dependentzia mota batera erortzea; ez litzateke aldaketarik egongo funtsean. Egia da gaur egun uranioa merkeagoa dela, baina lehengai hori murrizten denean zer gertatuko da?
Eta fracking-aren kasuan?
Zalantza handiak daude sistema horrekin, ez dakigulako energetikoki errentagarria izango den ala ez. Gainera, arazoa da horren bitartez gasa lortuko litzatekeela epe laburrerako, 5-10 urterako, putzu kopuruaren eta ustiatze-erritmoaren arabera. Halere, horren truke galduko lirateke hainbat akuifero garrantzitsu. Beraz, merezi du argindarra merkeagoa izatea ur edangarria galtzearen truke?
Argindarraz gainera, azken asteotan igoera etengabean dabil gasolioaren prezioa. Zelan ezartzen da produktu horren prezioa?
Hori merkatu internazionaletan ezartzen da, eta hor pisu oso handia dauka espekulazioak eta espektatibak. Uneotan ez da inolako arazorik egon petrolioaren ustiapenean, eta gerrak ez du ezertan eraginik izan behar. Baina aurreikuspenetan dago Errusiaren esportazioak murriztu daitezkeela, eta espektatiba horien aurrean igo dute prezioa. Merkatuaren espekulazio hutsa da.
Energiaren garestitze honek kolokan jarri du gaur egungo gizartearen funtzionamendua: hainbat enpresek funtzionatzeari utzi diote eta garraiolariak grebara joan dira. Kolapsora heldu gara?
Ez dut uste oraindik kolapsora heldu garenik, baina bai hasi gara ikusten zein arriskutsua den eta zer-zelako ezegonkorra den gure sistemaren oinarria. Ikusi dugu erregaien prezioa igo bezain laster hainbat sektore estrategiko kolokan jartzen direla. Izan ere, orain erregaia igo da, eta garraioa ari da sufritzen, baina gasaren igoerarekin argindarraren prezioa ere igo da, eta, ondorioz, gure gizartearentzako funtsezkoak diren hainbat fabrikak produzitzeari utzi behar izan diote, ezintasunagatik. Bestalde, askotan aipatzen ez den arren, elikagaien produkzioan ere eragina izaten ari da hori guztia; gaur egun, elikagaien produkzioa oso menpekoa da erregai fosilekiko, alde batetik, garraiorako eta makineriarako eta, bestetik, gasa oso funtsezkoa delako ongarrien ekoizpenerako. Ondorioz, erregai fosil horien igoerak ere eragina izango du elikagaien erosketetan.
Hori guztia krisi klimatikoari beste begirada bat emateko baliagarria izan daitekeela uste duzu?
Bai, azken finean kontziente izan behar gara erregai fosilek ez dutela bakarrik eragiten krisi klimatikoan. Orain, argi eta garbi gelditu da zelako dependentzia dugun horiekiko eta zein inportantea den hortik ateratzea lehenbailehen.
Zer paper betetzen dute energia berriztagarriek honi guztiari aurre egiteko?
Eurek izan behar dute gure gizartearen oinarria; halere, arazo bat dago: gaur egun, hainbat energia berriztagarri erregai fosilekiko dependente dira, bai euren produkziorako baita euren mantenurako ere. Beraz, energia berriztagarriak gure oinarri izan behar dira, baina argi edukita ere energia gutxiagorekin bizi beharko garela. Hartara, fundamentala da ahalik eta modurik egokienean egitea banaketa justu bat gizartean, desberdintasun sozialak ekidite aldera.
Zer da trantsizio ekologikoa?
Zaila da laburtzea, baina joan behar gara kontsumoa txikitzen eta banaketa hobeago baterantz joaten. Sukar Horia taldekoon ustez, funtsezkoa da bide horretan egiten diren aldaketek onurak ekartzea langileentzako. Adibidez, ekologismo sozialak proposatzen du, produkzioa gutxituta, lanorduak murriztea ere. Oso faktore inportantea da ere merkatuaren kaosetik urruntzea; kapitalismoak ezartzen du zer produzitu eta horien irabaziak; beraz, ekonomia planifikatu demokratiko baterantz joan behar gara non era kolektibo batean erabakiko dugun zer den oinarrizkoa produzitzea eta zer ez. Era berean, ekonomia lokalizatuagoa izan beharko luke, ez daukalako zentzurik gure elikagaiak Txiletik edo Ukrainatik ekartzea, horrek arriskuak dakartzalako, gaur egun bizi dugun bezala.