Nortzuk zarete Revertt?
Bermeotik gatozen lau lagunek osatzen dugun taldea gara. Horren hasiera 2016an ipini liteke; hasiera batean, punk eta hardcore-aren hasierako influentziakaz oso lotuta egoten zen gure estiloa, geure kantak sortuz baina Necros, Reagan Youth, Minor Threat, Negative Approach eta halako taldeen influentziagaz zati handi batean. Geure ingurukoek ere eragin zuten musika egiteko estiloan, Papel Albal, Powerflip eta beste talde bermeotarrak batez ere. Maketatxo bat atera genuen orain urte bi auto-editatuta eta XcementerioX zigiluagaz. Kontzertu batzuk eman ostean Euskal Herritik, Bermeo Skinhead Hardcore EPa irten zen Mendeku Diskak zigiluak editatuta. Kaosa Euskal Herrian eta Chaos in Basque Country-n ere egon gara.
Oso hardcore berezia egiten duzue. Nondik dator ideia?
Geure hardcoreak eraldaketa bat daukala uste dugu. Hasiera batean, punketik oso hurbila edo punk arina zen; gaur egun, eta epe ertainera irtengo diren kanta berriek, estilo gogor, astun eta ilunagora joango da. Hori bai, era askotan definitu gaituzte: "Los Negative Approach vascos" garela esatetik, oi!-hardcore egiten dugulakoan, No Time edo 86 Mentality taldeen antzekoak garela esatera. Guk, konposatzerakoan, ez dugu ezertan pentsatzen; irteten dena irteten da, beste barik.
Abestiak zuzenean jotzen agertzen zareten bideo bat argitaratuta duzue, oso toke berezikoa eta zuri-beltzean...
Bai, bateria-jole Bidaren ideia izan zen. Taldean sartu berria zen, eta, kontzertuak eman ezinik egon garenez, geure EP-a aurkezteko eta Bida ere estreinatzeko aukera izan zen. Gure lagun-tekniko Unairi deitu eta berak grabatu gintuen arrasti batean, lokalean bertan. Uste dugu geure punturik indartsuena zuzenekoak direla, eta horrela ematen du.
Kontzertuetan oso zuzeneko azkar eta gogorra duzue, eta horien iraupena oso laburra izaten da...
Ona eta laburra, birritan ona esaten den legez. Gogortasuna eta potentzia denbora luzean mantentzea ez doaz batera. Hori Poison Idea edo Cro Mags taldeek bakarrik egin ahal zuten euren sasoian. Gure asmoa jendeari haginetan ukabilkada bat ematea bezala da, luzerako akorduan izango duena.
Bermeotarrak izanda, nondik etorri zaizkizue halako influentziak?
Harritu egiten dio jendeari honek, eta ez zara lehenengoa galdera egiten. Gure aurretik ere egon dira taldeak, esan lei estilo berdin-berdinekoak ez izatea, baina musika egin duten eta egiten duten taldeak badaude Bermeon. Gainera, Bermeoko kapillera ere etorri dira talde oso indartsuak, Arms Race edo PMS84 modukoak. Hori bai, euskaraz eta, gainera, euskalki bermeotarrez hardcorea egin duen lehenengoak bagara.
Uneotan konposatze-lanetan dabiltza LP baterako kantak egiten. Diotenez, aurreratuta dabiltza, baina formatu fisikoa atera arte "denboratxoa" pasako da; "hori bai, gure EPen desberdina izango dela aurreratzen dugu. Euskara hutsean izango da, eta seguru gaude bat baino gehiago identifikatuta sentituko dela, letra eta soinu ilun eta gogorrago honetan".