Antolatzaileen arabera, 200 pertsona inguruk parte hartu zuten zapatuan, abuztuak 27, egindako mobilizazioan. Gehienek hondartzatik oinez egin zuten Gorlizeko Astondotik Plentziara joan zen giza katea, aldiz, beste batzuek kayakean joan ziren, baina denek zeramaten errefuxiatuen aldeko bandera horia.
Mobilizazioak helburu bikoitza zeukala azaldu zuten plataformako kideek: alde batetik, Europar Batasunaren mugetako politikek eragiten dituzten heriotzez ohartaraztea, eta, bestetik, EBra harrera bila datozen pertsonen eskubide eta babes falta salatzea.
Mobilizazioa Plentziako Ontziola plazan bukatu zuten itsasoan galdutako etorkinak gogoratzeko lore-eskaintza bategaz; izan ere, plataformatik salatu zutenez, 2014tik 28.000 dira Europara bidean hil diren pertsonak. Hori dela eta, Europar Batasunak bere mugetan darabiltzan politikak salatu zituzten: "Migratzeko eskubidea kriminalizatzen duten politikak dira, mugak itxiz eta horiek kanpora atearaz, migrazioari eusteko planen bidez, eta horien eraginez urtero milaka pertsona hiltzen dira".
Era berean, Europako Estatuetan dauden etorkinen egoera erregularizatzeko ere eskatu zuten, eta "hemen bizi eta lan egiten duten pertsonen mugikortasun askerako eskubidea" aldarrikatu zuten. Gogoratu zutenez, "pertsona horiek erregularizatuta ez egoteak haietaz abusatzen dutenei bakarrik egiten diete mesede: paperik gabe lanean modu prekarioan ari direlako, gure adinekoak zaintzen, ostalaritzan edo landa-guneetan".
Argazkiak: Ongi Etorri Errefuxiatuak.