Udaren hasieran, Uraren Euskal Agentziak txosten bat helarazi zien Plentzia eta Gorlizko udalei jakinaraziz udalerrietako zenbait erreketan bakterio enterokoko eta escherichia coli maila altuak aurkitu zituztela. Oro har, udaldian Plentziako badiako uraren kalitatea ona izan den arren, ume batzuek beherakoa izan zuten hondartzan Txotxorro eta Gazatzas errekek sortzen dituzten putzuetan bainatu ondoren. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Gorlizko ospitalearen inguruko errekan eta Plentziako PIE ondokoan ez bainatzeko gomendioa adierazten zuten kartelak jarri zituen.
Nagore Utxupi Gorlizko alkateak HIRUKAri baieztatu dionez, aipatutako erreketako uraren kalitate txarra eragiten duen isuriaren jatorria kokatzeko lanean ari dira. "Enpresa bat kontratatu dugu errekan gora laginak hartzeko eta isurketak nondik datozen aztertzeko", azaldu du.
Momentuz, laginketen emaitzak jakin arte, ez dute erabaki zehatzik hartuko, "oraindik ez dakigu isurketak nondik datozen, beraz, horien emaitzak jakin arte itxarongo dugu neurriak hartzeko", adierazi du Utxupik. Hala ere, alkateak aurreratu du inguruko etxebizitza bitan arazoak antzeman dituztela euri-uren eta ur beltzen kudeaketan, "bi hilabeteko epea eman diegu arazo horiek konpontzeko".
Ildo berean, Plentziako Udaleko iturriek azaldu dute Gorlizko Udalagaz elkarlanean ari direla, "Jaurlaritzak bidalitako txostena oinarritzat hartuta".
Behi-mindak iturburuetan
Emilio Onaindi Plentziako bizilagunak sare sozialetan sarritan salatu duenez, udaldi honetan behiak eraman dituzte Txotxorro errekaren iturburura, "erreka guztiz kutsatuta dago udan bertan egon diren 31 behien simaurragaz eta gernuagaz; gainera, errekastoa erabat hondatu dute". Bere Facebook-eko kontuan sarritan argitaratu dituen bideoakaz adierazi du animaliek Gazatzas errekako iturburua ere hondatu dutela eta hondartzara doazen erreketako urak kutsatu dituztela. "Udaltzaingoari, Aldundiko eta URAko teknikariei eta Udalari gertatzen ari zenaz ohartarazi nien, eta erreka hesiakaz itxi zuten, baina kaltea eginda zegoen eta euria egiten duenean hori guztia hondartzara bajatuko da".
Onaindiren aburuz, Gorlizko eta Plentziako udalek bazeukaten arazo horren berri, baina ez dute neurririk hartu orain arte, uraren kalitate txarra zela eta hondartzak itxi behar izango zituztela zekitelako.