Elkarrizketak

"Errusiako gizartea goitik behera astintzen ari den gaia da gerra hau"

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 23a, 11:12

Moskuko Plaza Gorria.

Egunotan Moskun (Errusia) bizi den uribekostar batek HIRUKAri kontatu dionez, Ukrainako inbasioak hautsak harrotu ditu tokiko jendartean. Orain arte, joan den otsailean abiatutako gerra polemikoa bazen ere, aste honetan erreserbistak mobilizatzeko deiak are gehiago astindu du errusiar gizartea; mobilizazioak, atxiloketak, herrialdetik irteteko joan-etorri masiboak... Amaiagaz –asmatutako izena da elkarrizketatuak berak hala eskatuta— berba egin dugu horren inguruan bertatik bertarako egoera zein den ezagutzeko.

Erreserbistak mobilizatzeko deia egin du aste honetan Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Zelan bizi izan dute Moskuko herritarrek iragarpen hori?

Bada, ikusten ari naizenagatik, txarto. Albiste txarra da eta hemengo jendeak horrelaxe hartu du. Orain arte gerra, berez, kontu polemikoa zen eta otsaila-martxoan hautsak harrotu zituen, baina esango nuke aste honetako albisteak are gehiago astindu duela jendea, orain gizarte zibila ere inplikatu beharko delako gerra horretan.

Errusian soldadutza egitea derrigorrezkoa da gizonentzat, eta orain hortik igaro ziren 300.000 gizon inguru joan beharko dira gerrara. Hainbat kontu entzuten ditut inguruan, adibidez, gizon asko ziztu bizian joan direla aireportuetara, oraindik hegaldiak zeuden bitartean, herrialdetik ihes egiteko. Izan ere, laster oso zaila izango da haientzat Errusiatik irtetea.

Horren kontrako mobilizazioetan hainbat atxilotu egon dira egunotan. Tentsioa nabari da kalean?

Bai, herenegun (irailak 21) presentzia polizial izugarria nabaritu nuen Moskuko erdigunean, eta, albisteen arabera, mila atxilotutik gora egon ziren egun bakarrean. Errusian ez dago inolako aukerarik kalean protesta egiteko, zerbait oihukatu edo kartel bat atera eta berehala atxilotzeko arriskua dago.

Gainera, arriskua ez da atxiloketa soilik, otsailean atxilotu zuten jende askok prozesu judizial luzeak, ikerketa... jasan behar izan ditu horren ondoren.

Hemen bizi diren atzerritarren kasuan ere arriskua oso agerikoa da: mobilizazio batean harrapatuz gero, herrialdetik deportatzeko arriskua dago.

"Nire inguruko jendea oso txarto pasatzen ari da kontu honekin. Baina egia da Errusiako jendartearen zati handi bat gerraren alde dagoela, edo behintzat ez duela Gobernuaren politika zalantzan jartzen"

Zer sentimendu dute herritarrek, edo zer nabari diezu, gerrarekiko?

Nire inguruko jendea (jende gaztea, hiritarra, unibertsitatetik pasatu dena) oso txarto pasatzen ari da kontu honekin. Baina egia da Errusiako jendartearen zati handi bat gerraren alde dagoela, edo behintzat ez duela Gobernuaren politika zalantzan jartzen.

Jendeak Errusian gehien kontsumitzen duen komunikabidea telebista da (Internet ez da leku guztietara heltzen), eta Gobernuak eragin handia du kanal gehienetan esaten den mezuan. Beraz, jende gehienak ongi ezagutzen ditu gerra egiteko argudio nagusiak, eta nolabait justifikatuta gelditzen da gertatzen ari dena. Hori bai, norbere senideak direnean gerrara deitzen dituztenak, horrek barrua astintzen dio edonori.

Zer da eurentzako inbasio hori?

Askorentzat ez da inbasioa, Errusiaren mugak babestea baizik. Azken urteotan NATOk nabarmen egin du ekialdera, eta askok pentsatzen dute Errusiak ez duela izan beste erremediorik, Ukrainan sartzea baino.

Beste batzuen ustez, Errusiaren gainbehera esan nahi du egoera honek guztiak, eta sentimendu txarra dute, nolabait Estatuaren konplize direlako zergak ordaintzean, autobusa hartzean... Diru hori gerrarako erabiliko delakoan. Baten batek zera ere esan dit, hirugarren Reicheko alemaniar moduan sentitzen dela, halako izugarrikerien zeharkako konplize.

Oro har, argi ikusten dudana da Errusiako gizartea goitik behera astintzen ari den gaia dela gerra hau.

Errusiaren kontrako “mehatxuek” eta zigorrek eraginik badute herritarren artean?

Bai, gauza batzuk asko aldatu dira otsailetik hona, zigorrak beren eragina egiten ari dira, bai industrian, bai herritarren eguneroko bizitzan, bai beste arlo askotan. Jende askok lana galdu du, mendebaldeko enpresentzako lan egiten zutenek ezin dute soldatarik jaso, Errusiako bankuak swift sistematik atera zituztelako, eta abar.

Dena den, ez nuke esango zigorrak direnik errusiarrengan ezinegon handiena eragiten dutenak. Gerra bera da, zalantzarik gabe, ondoez hori sortzen duena. Edo hori da nire inguruan ikusi dudana.

"Zaila da Gobernuaren ekintzen kontrako iritzirik ikusi edo entzutea hemengo medioetan gaur egun"

Negua ate joka dugula, Europarako gas-etetearen harira zerbait komentatzen dute herrian?

Orain arte ez dut askorik entzun horren inguruan. Duela gutxi heldu naiz hona, dena den. Hori bai, batek aurrekoan erdi brometan galdetu zidan ea Errusiara etorri naizen Europan hain faktura garestiak ez ordaintzeko, kar kar.

Telebistan eta medioetan zelan jorratzen dute gaia?

Zaila da Gobernuaren ekintzen kontrako iritzirik ikusi edo entzutea hemengo medioetan gaur egun. Komunikabide independente asko eta asko “atzerriko agente” deklaratu dituzte eta, ondorioz, ilegalak dira orain (telebista-kateak, egunkariak, komunikabide digitalak...).

Errusiako kazetari askok, gainera, atzerrira jo dute otsailaz geroztik, kartzela-zigorrak ere jasan ahal zituztelako gerraren kontrako iritziak adierazteagatik.

Horren harira, Pablo Gonzalez euskal kazetaria errusiarren espioi izatea egotzita atxilotuta dago Polonian. Horren inguruan berba egiten da Moskun, ala ez dute horren berririk?

Orain arte ez dut beraren inguruko ezer entzun hemen. Noizbait hemengo lagunei kasua azaldu diedanean, harridura erakutsi dute. Baina, nire ustez, hori oso ohikoa da. Euskal herritarrok nolabait informatuta egoten gara Errusiaren inguruan, baina errusiarrek ezer gutxi (edo ezer ez) dakite Euskal Herriaren inguruan.

Inbasioa hasi zenean otsailean, eta mobilizazio partziala orain. Batetik bestera aldaketarik nabari izan duzu kalean?

Oso antzeko sentsazioak izan ditut orduan eta orain. Errusiara heldu eta berehala herrialde hau komunikabideen jo puntuan egotea, aldaketa geopolitiko garrantzitsuak hemendik bertatik bizitzea... Hemengo jendearengan tentsio handia ikusi dut bi aldietan, eta Euskal Herriko senide eta lagunengan, ardura.

Baina ni ondo nago, eta datozen hilabeteetan hemen jarraitzeko asmoa dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun