Hautagaitzak Bat Egin markagaz aurkeztu dituzte alderdiko primarioetara, eta orain alderdiko militantziaren bermea beharko dute biek 2023ko maiatzaren 28an egingo diren udal-hauteskundeetan alderdi moreko alkategaiak izateko.
Emilio Lobato berangoztarra Ingeniaritza Tekniko-industriala ikasi eta muntaketa-enpresa batean aritu da lanean. Podemosen aritu da kolaboratzaile-lanetan 2014an alderdia sortu zenetik, eta, gaur egun, Busturia-Uribeko batzarkidea da Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Berangoko Udaleko Idazkari Nagusia ere bada. Horren aurretik, 2015-2019 legegintzaldian zinegotzi gisa aritu zen Berangoko Udalean. Alderdian ibilbidea hasi aurretik, Lobatok ikasleen mugimenduak antolatzen zituela ere azaldu du.
Berangoko hautagaiak azaldu duenez, Berangoko alkatetzarako Podemosen primarioetarako hautagaitza aurkeztea erabaki du, “nire barrutiko eta udalerriko kideek Berangoko Udalean alderdiaren alde lan egiten jarraitzea proposatu didatelako, eta bertan lan duina egitea espero dut, azken urteotan udal- eta probintzia-lanean lortutako esperientziari esker”.
Leioako alkategaia izateko kandidatua 42 urteko Luis Miguel Lapeña da. Leioaztar hau Zientzia Politikoetan lizentziatua da, eta, ostalaritzan hainbat lan prekario kateatu ostean, Europako Parlamentuko Podemoseko lehen ordezkaritzako aholkulari eta laguntzaile gisa parte hartu zuen. “Duela hiru urte, Europako nire abenturatik itzultzea erabaki nuen, familia bat osatzeko eta Leioako zinegotzi gisa tokiko esparruan izan nuen esperientzia aprobetxatzeko”, azaldu du hautagaiak. “Betiere giza eskubideak, ingurumenarekiko errespetua eta justizia soziala erreferentzia gisa hartuta, eta politika hurbilagoa eta laburragoa egiteko asmoagaz”, gaineratu du.
Gaur egun, Bizkaiko Lurralde kontseiluko kidea da eta Leioako eta Zirkuluen Sareko ordezkaria da Podemos Euskadiren Kontseilu Autonomikoan. Orain, Lapeñak zerrendaburu izan gura du Leioako Podemoseko Zirkuluko kide aktiboenakaz batera zerrenda bat osatzeko.
Azaldu duenez marka morearen alkategaia izan gura du, “jendea erdigunean dagoen lekuetan beharrezko den aldaketa gidatzeko, Leioa klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako borrokan erreferente bihurtzeko eta lehentasuna politika herritarren ikuspegitik eta Leioatik egin dadila izatea, interes alderdikoiei edo ekonomikoei men egin gabe”.