Plentziako hainbat udal-langile Arpillaoko eraikinaren barruan lanean ari zirela salatu zuten joan den barikuan tokitik kanporatutako elkarteek. Horretaz galdetuta, tokiko Udalak azaldu du beharginok ondoan ari zirela lanean, hiri-altzariak hobetzen. "Udalak listoi sorta bat erosi zuen inguruko bankuak konpontzeko, eta brigada une jakin batean sartu zen Arpillaora, behar zuten materiala aparkalekura sartzeko pasillo batean zegoelako". Hala, udal-iturriek zehaztu dutenez, beharginak materiala biltzera sartu ziren, "gero lanean jarraitzeko".
Dena dela, eraikinean euren jarduna aurrera eroateko lokalak zituzten elkarteek berriro aldarrikatu dute beharrezkoa ikusten dutela lokalez lokaleko azterketa bat egitea, konpondu beharreko atalak konpontzeko. Ildo horretan, deitoratu dute irtenbideak topatzeko askotan bildu direla udal-arduradunakaz, "emaitzarik gabe". Halaber, gogoratu dute arkitekto batek egindako eraikinaren atal bateko inspekzio-txostena aurkeztu zutela, non eraikina erabili daitekeela ziurtatzen den, "baina ez digute erantzun".