Hamarkada bat tokikoak saretzen

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 10:00

Tokikom Sariak, 2019ko edizioan.

Euskarazko komunitate zabalarentzat erreferentziazko komunikazio talde izateko helburuarekin sortutako Tokikom-ek, euskarazko tokiko komunikabideen sareak, sorreraren urteurrena ospatu du gaur, azaroaren 11n, ArantzazuLABen. Egindako ibilbidea aitortu eta bazkideen aniztasuna txalotu dituzte ekitaldian.

Euskararen normalizazioaren bidean hamarkada oparoa izan zen 1980koa, orduan sortu baitziren herri askotan euskara elkarteak eta euskararen erabilera sustatzeko lehen herri aldizkariak. 90eko hamarkadan etorri zen jauzia, 40 elkarte inguruk euren tokiko komunikabideak sortu zituzten eta. Hego Euskal Herriko elkarteen eta tokiko komunikabideen indarrak batu eta arazoak elkarrekin konpontzeko helburuarekin sortu zen, 1993an, Euskaltzaleen Topagunea, eta, haren baitan, Hedabideen Saila ere martxan jarri zen.

Sektorearen behar bereziei modu eraginkorragoan erantzuteko beharrak, ordea, Hedabideen Sailari izaera propioa ematea eskatzen zuen, eta horren ondorioz sortu zen Tokikom, 2012an.

Komunikazio-taldea

Hasieran tokiko komunikabideak taldekatzeko marka gisa sortu bazen ere, egitasmo trinkoa eta indartsua da hamar urteren ostean. Egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom Komunikazio Taldea, eta, guztira, 76 hedabide kudeatzen dituzte: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Hain zuzen, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan eta Euskal Herri osoko 307 udalerritara iristen dira.

Egindako ibilbidearen nondik norakoak ezagutu eta Tokikom osatzen duten bazkideen aniztasunari balioa emateko asmoz, urte hauetako protagonisten hitzak ekarri ditugu orriotara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun