Tokikomeko ordezkariak

Alaitz Artolozabal, Joxe Rojas eta Iban Arantzabal: "Komunikazio Taldea indartzea da erronka"

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 10:00
Alaitz Artolozabal Tokikomeko zuzendaria, Joxe Rojas IKE eta komunikazio zuzendaria eta Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakaria.

Iragan urteotako erronkak ez dira makalak izan Tokikomentzako, baina datozen urteotakoak ere ez dira nolanahikoak izango. Adimen artifizialaren garapena, autofinantzaketa iturri berrien arakatzea eta komunikabideen arteko solaskidetza indartzea dira orriotara ekarri ditugun protagonisten kezkak.

Etorkizunak dakarrenaz eta erronka nagusiez jarduteko bildu ditugu Iban Arantzabal, Alaitz Artolazabal eta Joxe Rojas, Tokikomeko egungo ordezkariak.

Ondo landutako aterkipea Sorreratik

Tokikomeko administrazio kontseiluko kide izandakoa, Tokikomeko lehendakaria da gaur egun Iban Arantzabal, Goienako zuzendaria. "Hamar urte hauetan, enpresa zerbitzu emaile bat irudikatzetik bazkideen enpresa bat izatera igaro da Tokikom. Gauzak egin ahala, hobetzen eta efizienteago bihurtzen joan gara, hedabide bakoitzarentzat ekarri handiagoa lantzen. Tokikomen inplikatzeak eraginkorragoa izatea dakar. Ez balego, sortu egin beharko litzateke. Komunikabideen sare batetik komunikazio talde izatera pasa gara eta gisa honetako komunikazio talde batek egin beharko lituzkeenak garatzeko funtzioa dugu. Zero kilometroko komunikazioan dihardugun tokiko komunikabideok ondo landutako aterkipe batean gaudela sentitzen dugu".

Pertsonak erdigunean

Enpresen berrikuntza alorrean urteak eman ostean hartu zuen Tokikomeko zuzendaritza, 2015ean, Alaitz Artolazabal zumarragarrak. Momentu honetako erronka nagusienaz galdetuta, komunikabide talde izatetik komunikazio talde bihurtzeko jauzia egitea dela erantzun digu.

"Tokikom osatzen dugun komunikabideon arteko elkarlanean gehiago sakondu behar dela uste dut, elkarlan hori gure egunerokotasunean integratu behar dugula, bakoitzak tokikoa ondo zaindu eta lantzeko konpromisoarekin, baina zeharkako bestelako lanak ere konpartituz".

Tokikomen barruan errealitate pluralak daudela onartzen du, baina bisio bat konpartitzen dutela. "Norabide bakarrean joan eta elkarrekin apustua egiteko asmoa dago. Denok eman eta denok jasotzea da helburua, bai mapa osatzen joateko eta baita talde izaera indartzeko ere. Etorkizuneko leiho globalean, gertuko komunikazioan beti gertu izango gaituzue".

Teknologia berriak ate joka

Tokikomek bere ibilbidea hasi zuenetik teknologia berrietara egokitzeko ahalegin berezia egin du. Horren arduradun nagusia izan da Joxe Rojas, Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendaria.

Etorkizunaz galdetuta, bi erronka handiren aurrean gaudela azpimarratzen du: "Batetik, datuen mundua dugu. Horien ustiaketari esker jakin ahal izango dugu erabiltzaileari zer interesatzen zaion, denbora non pasatzen duen, eta horri esker erabakiak errazago hartu ahal izango ditugu. Bestetik, azken urteotan mahai gainera etorri zaigun adimen artifizialaren gaia ere badago. Ildo honetan, ezin dugu itzulpen automatikoa ahaztu; izan ere, honek eszenatoki guztiz berri baten aurrean jarriko gaitu. Euskalgintza moduan zer paper betetzea dagokigu? Ez dakit erronka hauei heltzerakoan asmatuko dugun edo ez, baina radarra, behintzat, piztuta daukagu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun