Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu, azken 10 urteotan elkarrekin egindako bidearen omenez

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 16:23

Gaur banatu diren Tokikom Sarien zazpigarren edizioan komunikazio proiektu osoak aukeratu dituzte, tartean, HIRUKA.

Toki komunikabideen bateraguneak, Tokikom Sarien zazpigarren edizioa ospatu du gaur Oñatiko ArantzazuLABen. Aurreko edizioetan ez bezala, komunikazio proiektu osoak aukeratu dituzte gaurko sarietarako, kazetaritza lan zehatzen ordez.

Baina hori ez da izan eguneko ezusteko bakarra. Parte hartzaile guztiak sorpresaz hartuta, Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu gaurkoan, taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri diren honetan, elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko. Tokikom eratzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita, iaz taldera batu zen Begitu hamaboskarira, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu dute gaur jasotako omenaldia.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “perspektiban jarrita, espero genuena baino askoz ere gehiago aurreratu dugu Tokikom martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko”.

TOKIKOM Sariak 2022

Komunikabide taldetik komunikazio taldera

Sariak banatzeaz gain, gaurko ekitaldian errepaso azkar bat eman zaio Tokikomen historiari 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezkoaren bidez. Erreportaje labur hori hurrengo egunetan egongo da ikusgarri TOKIKOMeko webgune guztietan.

Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna zen gaurkoa. Bazkideak eurak protagonista izan diren mahainguruetan, TOKIKOMek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan dira mintzagai. “Handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da”- dio Alaitz Artolazabal, Zuzendari Nagusiak – “gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik  komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka”.

Finantzazio formula berriak

Bigarren erronka handi bat taldearen zein osatzen duten komunikabideen finantzazioan datza. Tokikomeko presidenteak, Iban Arantzabalek, bi ildo nagusi azpimarratu ditu: “Alde batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin… Eta bestetik, diru-laguntza publikoen gaian ere, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko”.

2023an ospakizun publikoa

Gaurko ekitaldia barrura begirako ariketa bat izan da, bazkideen gogoak eta espektatibak sinkronizatzeko saiakera bat, baina ez da izango Tokikomek hamargarren urteurrenarekin lotuta egiten duen ekitaldi bakarra. Datorren astean bertan, TOKIKOMeko dozena bat lagunek ostatutako taldea Bartzelonara joango da, ACPC- Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara. Gainera, Tokikomek aurreratu du 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun