Egosten ari den EAEko Hezkuntza Legeaz gogoetatzeko ikastoletan eztabaida prozesuak zabaldu ostean, horietan jasotako ondorioak plazaratu ditu Ikastolen Elkarteak. Legearen muinean dagoen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz iritzia eman du Elkarteak (formula horren arabera, hainbat betebehar betetzen dituen ikastetxe orok eskubidea izango du %100 diru publikoz finantzatua izateko): gogoratu du begi onez ikusi zutela formula horren sorrera, definizioa eta parte izateko bete beharreko baldintza eta konpromisoak martxoan hainbat alderdi politikok adostutako lege akordioan jasota egotea. Orain, Ikastolen Elkarteak eskatu du zehaztea Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzten eskubide eta betebeharrak.
Zabalago ere hitz egin dute ikastolek: hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute eta “Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari” eskaini ahal izateko, ikastolek indargune dituzten “ezaugarriak mantentzeko eta zabaltzeko marko legal berri bat” eskatu dute. Ezaugarri horiek gogoratu dituzte: euskara, euskal kulturaren transmisioa, euskal curriculuma, gobernantza eredu demokratikoa, parte-hartzea eta auzolana, berrikuntza, materialgintza propioa...
Ezaugarri horiek mantentzeko, “eskolaren autonomia erreala bermatzea” ezinbesteko jo du Ikastolen Elkarteak, eta azpimarra egin du eredu herritarrean oinarritutako hezkuntzan, udalen parte-hartze zuzenarekin, “erabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde”.
Hiru erronka nagusi nabarmendu ditu: euskara, euskal kulturaren transmisioa eta segregazioa. “Eta horiei, herri moduan erantzun behar diegu, ezin dugu mokoka ibili"
Erronkak eta elkarlana
“Handira jokatzeko unea” dela dio Elkarteak, euskal gizarteak (eta euskal hezkuntzak) dituen hiru erronka nagusi nabarmenduz: euskara, euskal kulturaren transmisioa eta segregazioa. “Eta horiei, herri moduan erantzun behar diegu, modu kolektiboan eta eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bidez. Ezin dugu eragileen artean mokoka ibili. Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi dugun bidean adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu denok. Har dezagun esperientzia ezberdin bakoitzetik onena”.
Ulertuta datorren legea badela “Euskal Hezkuntza Sistema nazional propioaren bidean urrats garrantzitsua”, trantsizio horretan laguntzeko eta eztabaidarako prest agertu da Ikastolen Elkartea.
Artikulu hau ARGIA.EUS-ek argitaratu du, eta cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn