Azaroak 25

Bada garaia diru-sarrera propioak izateko eskubiderik ez duten emakume nagusiek pentsio propio bat jasotzeko

Erabiltzailearen aurpegia ONEKA euskal emakume pentsionisten plataforma 2022ko aza. 24a, 08:16

Adineko emakumeak gara, eta batzuei besteei baino gehiago tokatu zaigu Gobernu faxista baten inposaketa bizitzea. Gobernu horrek debekatu egiten zigun pertsona gisa gure eskubideak garatu ahal izatea eta gure lanpostuetatik etxera bidaltzen gintuen ezkontzeko unean. “Etxeko nagusiaren” atsedena izatera eta seme-alabak mundura ekartzera.

Kendu zizkiguten eskubide horien guztien ondorioz, gaur egun Hego Euskal Herrian 363.000 emakume nagusi gara, gehien-gehienak diru-sarrera propioak izateko eskubiderik gabe, gizartea gure lanaren onuradun izan denean, eta horrek administrazioei inbertsioak aurreztea ekarri dienean, hala nola haurtzaindegiak, adinekoentzako arreta-zentroak, hau da, zerbitzu publiko gehienak.

Gure ustez, bidegabekeria handi horrek ordaina eskatzen du: pentsio propio bat jasotzea. Gutxienez. Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraiki, pentsio hori 1.260 eurokoa izan beharko luke, 14 hilabeteetan banatua, guztiontzako bizitza duinaren berme izan dadin.

Pentsioetan, kotizazio pekoetan eta kotizazio gabekoetan, gizonen eta emakumeen artean dagoen aldea % 32,5ekoa da eta hau, indarkeria instituzionala, matxista eta patriarkala da.

Egun honetan eta egunero aldarrikatzen dugu osasunez, duintasunez eta askatasun osoz, indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun