Uribe Kostan panpa-belarra desagerrarazteko lau urteko plana abiatuko du Mankomunitateak

Erredakzioa 2022ko aza. 24a, 09:34
Panpa-belarrak Lemoizko itsaslabarrean.

Egitasmoaren helburua da inguruaren egoera eta inbasio-maila ebaluatzea, premiazko kontrol-jarduerak behar dituzten puntuak aurkitu eta hedapenari aurre egiteko ekintza-plan estrategia bat ezartzea. Proiektu osoak 4 urteko iraupena izango du hasieran. Lehen aleak Sopelan ezabatuko dituzte eta Eskualdeko Enplegu Planetik datozen langileak arituko dira zeregin horietan.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak hasi ditu eskualdean landare inbaditzaileen presentziari buruzko azterlan-diagnostiko bat egiteko lanak. Tokiko erakundeak aurre egingo dion lehen fasea da, eta, ondoren, espezie inbaditzaile guztiak, horien artea, Cortaderia selloana (panpako luma-mottoa edo panpa-belarra) landarea desagerrarazteko ekintza-plan bat aktibatuko du.

Landare honek arazoak eragiten ditu ingurumenean, ekonomian eta osasunean, eta zenbat eta ale helduagoak izan, orduan eta gaitasun handiagoa du bertako espezieen gainean eragiteko. Horregatik, funtsezkoa da ale gazteak daudenean lan egitea. Horiek kontrolatzeko eta ezabatzeko jarduerak garestiak dira. Arrakastaren zati bat eskualdeko erakundeen lan koordinatuaren eta bateratuaren araberakoa da. Horretaz jabetuta, Uribe Kostako Mankomunitateak, eskualdeko zazpi udalakaz lankidetzan, ekintza-plan bat eta estrategia bat egingo ditu landare horren hedapenari aurre egiteko.

“Helburua da inguruaren egoera eta inbasio-maila ezagutzea, premiazko kontrol-jarduerak behar dituzten puntuak aurkitzea, eta panpako luma-mottoaren hedapenari aurre egiteko ekintza plan bat eta estrategia bat ezartzea, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen dugun zazpi udalerrietan biodibertsitatea hobetzeko. Elkarrekin lan eginez bakarrik irabaz diezaiekegu borroka inbaditzaileei”, adierazi du Josu Landaluze presidenteak.

Era berean, Landaluzek proiektu honetan parte hartzen duten beste administrazio publiko batzuekaz izandako lankidetza eta koordinazioa ere nabarmendu ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz, bai eta erauzketa-lanak egiteko lan egin behar den lurren jabe partikularren inplikazioa ere.

Proiektu osoak 4 urteko iraupena izango du hasieran. Lanaren helburuak honako hauek dira:

  1. Aberastasun-eremu nagusiak identifikatzea biodibertsitate botanikoaren ikuspegitik.
  2. Tokiko biodibertsitatearen kontserbaziorako mehatxu argia diren inbasio-gune nagusiak identifikatzea, botanikaren ikuspegitik batez ere.
  3. Inbaditzaileen aurka maila eta baliabide desberdinetan borrokatzeko neurri eskalagarriak diseinatzea.
  4. Azpiegitura berdea kontuan hartuta, batez bestekoak diseinatzea, eremu horietako zerbitzu ekosistemikoak hobetuz.
  5. Herritarren parte-hartzea sustatzea, inguruan dauden natura-balioak ezagutzea eta eskualdean egiten diren jarduerak balioestea.

Udalek eta tokiko beste eragile batzuek aldez aurretik dituzten datuetatik abiatuta, eta landare horien garapeneko lehen etapetan lanean hastea garrantzitsua denez, Cortaderia selloana-ren aleak Sopelan ezabatzen hasteko beharra planteatu dute. Eskualdeko Enplegu Planetik datozen langileak arituko dira lan horietan aurretik, aleak identifikatzeko eta ezabatzeko prestakuntza jasoko dutelarik. Bost hilabetez egongo dira lanean eta abenduan hasiko dira.

Hasieran, espezie horrek gehien mehatxatzen dituen ekosistemetan planifikatuko dituzte lan horiek, dauden baliabideak optimizatuz. Era berean, espeziea loratzen den garaian haziak sakabanatzeko arriskua minimizatzea bilatuko da, lore bakoitzak ugalketa-ziklo bakoitzeko milaka hazi sor baititzake. Lau urte hauetan egingo diren lehen ekintzetako bat da hau, kartografiako, kontroleko, erauzteko, ekosistemak lehengoratzeko eta jarduketen jarraipeneko beste lan batzuen artean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun