Itsasadarreko bulebarreko Leioako eta Erandioko tartea egiteko lanak aste honetan lizitatuko dituzte

Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 15:12

Gaur, abenduak 13, Bizkaiko Foru Aldundiak Altzaga eta Lamiako arteko zatia eraikitzeko proiektua onartu du, eta aste honetan bertan lizitatuko dituzte datorren udaberrian hasiko diren eraikuntza-lanak. Lizitaziorako aurrekontua 9,9 milioi eurokoa dela zehaztu dute eta obrek 16 hilabeteko epea izango dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du itsasadarraren eskuinaldeko bulebarraren lehen zatiaren eraikuntza-proiektua, eta aste honetan irekiko du lanak esleitzeko prozesua. Lizitaziora aterako den hiru kilometroko lehen tartea Altzagako ontziralekuaren eta Lamiako artean egingo da, Erandio eta Leioa artean, hurrenez hurren. Datozen asteetan Altzaga eta Elorrieta arteko zatia eta Erandio eta Barakaldo arteko zubi mugikorra lizitatuko dituzte, kasu bietan eraikuntza-proiektuak idazten amaitzen ari direla jakinarazi baitute.

Altzaga-Lamiako tartearen lizitazio-aurrekontua 9.890.027 eurokoa izango da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea 16 hilabetekoa da. Lizitazio- eta esleipen-prozesuan kalkulatu diren epeak kontuan hartuta, bulebarreko obrak udaberrian hasiko dira ziurrenik.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako  eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, adierazi duenez, lizitazioa behin betiko urratsa da itsasadarreko BI-711 errepidea bulebar bihurtzeko, mugikortasun jasangarrirako gune bihurtuz, hau da, itsasadarraren ertzean oinezkoentzako pasealeku bategaz eta edukiera handiko bizikleta-errei bategaz, motordun trafiko baretuari ere esparrua utzita. Era berean, diputatuak azpimarratu du hirigintzaren arloko berroneratze jarduketa ere badela; gaur egun errepideak eragiten duen hesia kentzean itsasadarraren aurrealdea hiri-bilbean integratzen da jolas-erabileretarako espazio gisa, aisialdi-eremuak eta berdeguneak dituena.

Proiektuaren ezaugarri nagusiak

Itsasadarraren bulebarrak Getxon eta Bilbon dauden oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu 6,5 kilometroko ibilbide bategaz, egungo BI-711 errepidean zehar igarotzen dena. Era berean, ezkerraldeagaz lotuta egongo da, Erandio eta Barakaldo batuko dituen txirrindularientzako eta oinezkoentzako zubiaren bidez. Horrela bi azpiegiturek bizikletaren erabilera errazten dute metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietarako.

Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan, itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko dena, eta, errenkada horren ondoan, bi noranzkoko eta lau metroko zabalerako bizikleta-bidea izango du. Trafiko motorizatu bareturako galtzadaren espazioa 6,8 metrokoa izango da. Era berean, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera ahalbidetuz.

Errepidearen egungo plataformaren zabalera jarduketa hau gauzatzeko nahikoa ez den lekuetan esparrua irabaziko da ur-laminaren gaineko hegalduren bidez. Altzaga eta Lamiako arteko Bulebarreko tartean sei zati egingo dira hegalean, guztira 276 metro lineal eta 1,5 eta 5,7 metro arteko zabalerak izango dituztenak. Beharrezko hegalduraren arabera, hainbat teknika erabiliko dira, hala nola kontrapisua duten lauzak, dauden plataformetako mikropiloteak eta itsasadarreko haitzen gaineko piloteak.

Altzaga-Lamiako zatiaren eraikuntza-proiektua idatzi bitartean kanpaina geoteknikoa egin da jarduketa egingo den lurzoruak eta dauden hormen ezaugarriak sakon ezagutzeko. Kanpaina honetan bederatzi zundaketa geotekniko eta 17 geo-radar profil egin dira.

Itsasadarraren bulebarraren trazadura BI-711 errepidearen plataformara egokitzen da, jarduera berri hauek itsasadarraren ondoan garatzen diren industria-jarduerakaz bateragarri bihurtuz.  Horrela bulebarrak itsasadarraren ertzarekiko kontaktua galtzen du Murueta ontziolak eta Navacel enpresak hartzen dituzten lursailen ondotik igarotzen baita.  Murueta ontziolaren ondotik doan zatian, 200 metro inguruko luzera duen tartea, landare-hesi bat jarriko da, historian zehar inguru horretan egin diren portu-jarduerak azaltzen dituzten argazki historikoakaz.

Oinezkoentzako pasealekuaren eta bizikletentzako bidearen zoladura inguruko altzairutegietan sortutako hondakinak berrerabiliz egingo da. Horrela agregakin siderurgikoak zabortegian utzi beharra saihesten da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun