Elkarrizketak

Ander eta Irati, GKSko kideak: “Krisiaren erantzule egiten ditugu alderdi politiko instituzional guztiak, eta horregatik euren eraginetik kanpo antolatu beharra dugu”

Iker Rincon Moreno 2023ko urt. 27a, 09:30

Ander eta Irati, Uribe Kostako GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kideak. © GKS

Zapatu honetarako manifestazioa deitu du GKS Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean, "Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara" leloaren pean. Ildo horretan, Uribe Kostako taldeak Bizkaiko hiriguneko deialdian parte hartzeko deia egin du asteotan eskualdean, "gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina" hedatzeko eta "ahalik eta jende gehiagorengana heldu eta sozialismoaren ikuspegia" zabaltzeko asmoz.

Zapatuan, hilaren 28an, GKSk Bilbon egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten ari zarete egunotan Uribe Kostan. Zergatik diozue beharrezkoa dela orain kalera ateratzea? 

Egun bizi dugun testuingurua, argi eta garbi, krisiak definitzen du. Etxean, kalean, telebistan, irratian zein egunerokotasunean soma daiteke gure bizi baldintzek ia zentzu guztietan okerrera egin dutela: prezioen gorakada neurrigabea, lan prekarioen normalizazioa, osasun mentalari dagozkion arazoen gorakada… Dena den, garrantzitsua da azpimarratzea krisia ez dela fenomeno neutral bat: krisiaz ari garenean, enpresari handien eta agintarien erasoaldiaz ari gara. Alde batetik, langile-klasea pobretzen ari den bitartean, enpresari eta bankari handien irabaziak zazpi aldiz gehiago handitu dira, hots, gure pobretzeak euren aberaste zuzena dakar. Bestetik, alderdi politiko profesionalak ere erantzule egiten ditugu, izan ere, ez daukate ez interes ez gaitasunik egoerari buelta emateko, eta ezinbesteko bermea dira enpresariak irabaziak metatzen jarraitzeko.

Hori horrela, ondorioztatzen dugu egoera hau salatu eta alderdi instituzionaletatik independenteki antolatzeko deia zabaldu behar dela. Badakigu mobilizazio bakar batek ez dituela gauzak gauetik egunera aldatuko, baina helburua gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzea litzateke.

Krisialdiak eragin berdina izan al du gizartearen sektore guztietan?

Azaldu dugun bezala, krisia ez da gertakari neutrala. Horrenbestez, txanponaren alde batean enpresari eta bankari handien aberastea dago, eta kontrako aurpegian, langile-klasearen pobretzea. Hamaika adibide aurki ditzakegu horren seinale direnak, hala nola Repsol edota Iberdrola bezalako enpresek aurten euren etekinak asko igo izana, eta, bitartean, gizartearen sektore handi batek zailtasunak ditu gasolina edota argindarra ordaintzeko. Finean, gure bizitzaren gaineko kontrol ezaren sentsazioa ari da gailentzen gizartean: noraeza eta etorkizunarekiko ziurgabetasuna.

Gainera, sentsazio hori ongizate-estatuaren desegitearen eskutik dator. Duela urte batzuk, gizartearen sektore baten baitan (klase ertaina deritzogun horren baitan) bizi-baldintza minimoki onak bermatu ahal ziren, bake-soziala mantentzeko bermea zirenak. Aldiz, krisi honek agerian jarri du egoera hori sostengaezina dela, eta klaseak gero eta gehiago polarizatzen dabiltzala, sistema kapitalistaren funtzionamendua azaleratuz, alegia, aberatsak gero eta aberatsagoak eta pobreak gero eta pobreagoak diren sistema batean bizi garela.

Zelan eragin dio azken urtean bizi izan dugun bizitzaren garestitzeak gazteriari?

Bizitzaren garestitzea langile-klaseak dituen ogi-apurrak sakeatzeko mekanismo ezin hobea da, enpresarien poltsikoetan amaituko duena. Aurretik aipatutako ongizate-estatuaren desegitea haustura generazional batean gorpuzten da argien, hau da, etengabe entzuten gabiltza ez garela biziko gure gurasoak (edo gure gurasoetako batzuk, behintzat) bizi izan ziren bezala. Zentzu horretan, kapitalismoari ezinbestekoa zaio gaurdanik gazteriari bizimodu konkretu bat inposatzea, datorkion miseriara era otzan eta azkarrenean ohituko den bizimodu bat, hain zuzen ere. Etorkizun hori bizi-baldintza kaskarrek zein lan prekarioek ezaugarrituko dute, eta horren bezperan gaude. Horren seinale dira gazteak batezbestekoz 30 urterekin alde egitea etxetik, ikasle-pisu batean pentsaezina izatea arraina edota kalitatezko elikagaiak jan ahal izatea, baldintza kaskarrenetan lan egiten duen jendearen ehuneko handi bat gaztea izatea edota urtero gazteen artean osasun mentalari dagozkion arazoak igotzea.

Krisiari aurre egiteko asmoz gobernuek hartutako neurriak “iruzur” direla diozue. Zer dela eta?

Gobernutik hondamendi garai hauetan langileontzako lorpenak egiten dabiltzala saldu nahi digute. Adibide bat jartzearren, BEZaren jaitsiera asko lausengatu dute, garaipen handia izango balitz bezala. Baina errealitatean, BEZaren jaitsiera hori lasaigarri bat baino ez da prezioen gorakaden olatuaren aurrean: soldatak berdin mantentzen dira, prezioak asko igotzen dira, eta, hori erregulatzeko, BEZaren jaitsiera txiki bat planteatzen da; berdin-berdin, langile-klasea gero eta txiroagoa da, eta gobernua horren estaltzaile da; hortaz, horren erantzule ere bada. 

Adibide hori baliogarria zaigu ulertzeko “inoiz egon den gobernu progresistenak” erasoaldi basati honen aurrean itxurazko bake bat mantentzeko funtzioa betetzen duela ezkutu soziala zein hartu dituzten neurrien bitartez. Langileok bizi dugun ofentsibaren aurka ez altxatzea bermatzen dute, eta horren seinale dira ere zigor kodearen gogortzea edota indar polizialen sendotzea. Bake-soziala mantendu nahi dute berez bakerik ez dagoen gizarte batean. Horregatik egiten ditugu erantzule alderdi politiko instituzional guztiak, ezkerretik eskuinera, eta horregatik ere euren eraginetik kanpo antolatzearen beharrezkotasuna.

Bide horretan, langileentzako "instituzio propioak" eraikitzea aldarrikatzen du GKSk, politikoki "independenteak" izango direnak. Zer motatako instituzioak dira horiek?

Benetan guztion ongizatea bermatuko duten instituzioez ari gara. Ulertu behar da egungo gizarte kapitalistan dauden instituzio publikoak ez direla horren berme-emaile; ikusi besterik ez dago osasungintza publikoan dugun kolapsoa edota hezkuntza publikoan aplikatzen ari diren erreformak, kritikotasun ezan, segregazioan eta ikasleen diziplinamendu autoritarioan baino ez dutenak sakontzen. Gure ustez, sistema kapitalistaren baitan operatzen duten instituzio publikoak diruaren eta metaketaren logika kapitalistaren pean kokatzen dira. Horregatik, “instituzio propio”-ez ari garenean, logika kapitalistatik kanpo antolatzen diren instituzioez ari gara, publiko-pribatu logika burgesetik “independenteki” antolatuko direnak: unibertsalak, kalitatezkoak eta doakoak izango diren instituzioak.

“Guztion ongizatea bermatuko duen Estatu sozialista” aldarrikatzen duzue. Nola heldu dakioke helburu horri? 

Gaur egun, gizarte kapitalistak egundoko indar, hedapen eta eragite-ahalmena dauka, hau da, gure bizitzaren esparru guzti-guztiak bereganatu ditu, eta horren inguruan biratzen du gizarte osoak. Hori kontuan hartzea ezinbesteko premisa izan behar da horri kontrajarriko zaion proiektu politikoa hezurmamitzen hasteko. Hori horrela, oraindik antolatzen hasteko fasean kokatzen gara. Orain dagokiguna, esparru desberdinetan kapitalismoari guztiz kontrajarria izango zaion antolakuntza hauspotzea da, baina betiere proiektu politiko integral baten baitan, gizarte kapitalista bere osotasunean gainditzea helburu izango duena. Jakitun gara bide luzea dugula aurretik, baina manifestazio honen xedea bide horretan aurrerapauso bat ematea da, ahalik eta jende gehienari tesi sozialistak helaraziz antolatzeko urgentziaren eskutik.

Zelako harrera izaten ari da Uribe Kostan manifestazio horrek?

Esan bezala, gizarte kapitalistak gizartea ardazten du, eta horren ondorio da hain hedatuta dagoen despolitizazioa. Kontraturik gabe lan egiten dugunean, ordu gehigarriak ordaintzen ez dizkigutenean, poliziaren jazarpena jasaten dugunean, lan politikoa egiteagatik jazarriak garenean… aterabiderik ez dagoela edo gauzak aldatzerik ez dagoela pentsatzera garamatza despolitizazioak. Gainera, gaur egun horri guztiari aurre egiteko gaitasuna duen proiektu politiko baten faltan gaude, hau da, egunerokotasunean pairatzen dugun miseriaren aurrean babesgabe gaude. Baina era berean, hutsune hori egoteak, berau proposamen politiko batez betetzeko aukera ematen du. Optika horren baitan ibili gara lanean azken asteetan eskualdean, kalean, ikastetxeetan, eta abarretan ahalik eta jende gehiagorengana heldu eta sozialismoaren ikuspegia zabaltzeko helburuarekin. Zentzu horretan, Uribe Kostako gazte langileei larunbatean mobilizatzeko deia egin nahi diegu, 18:00etan Jesusen Bihotza plazatik aterako den mobilizazioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun