Goizean goizetik, Ertzaintza heldu bezain laster, Hodei Torres HIRUKA komunikazio-taldeko lankideak eta argazkilariak bere burua kazetari gisa identifikatu duen arren, agenteek bere jarduna oztopatu, bultzaka aritu eta kolpatu dute. “Haien buruarengana joan naiz, eta haren aurrean identifikatu naiz, halakoetan beti egiten dudan bezala”, dio argazkilariak. Hala ere, protestaldian tentsio-uneak goia jo duenean, gertatutakoaren berri emateko irudiak grabatzen ari zela, bertan zeuden polizien nagusiak berak Torres kolpatu du borragaz, “inolako arrazoi barik, ni nor nintzen eta zertan ari nintzen argi zuen arren”.
Gehiegikeria horren aurrean, gure lankideak ertzain-buru horrengana jo du, erantzukizun eske eta hura identifika zedin. Poliziak ez dio inolako erantzunik eman, baina haren identifikazio-zenbakia lortu du, “txalekoari argazkia aterata, ez berak jakinarazita”.
Jasotako kolpearen ondorioz, protestaldiaren berri emateko erabiltzen ari zen telefono mugikorrak kalteak jaso ditu, eta besoan ubelunea du. Osasun zerbitzuetara jo behar izan du, protestan ari ziren beste hamar bat gizon-emakumek bezala, eta salaketa aurkeztuko du polizia-etxean.
HIRUKA komunikazio-taldeak gogor salatu gura du Ertzaintzaren gaurko gehiegikeria, agenteek Hodei Torres HIRUKAko argazkilariaren kontra jo dutelako, hasiera-hasieratik bere burua kazetari gisa identifikatu eta uneoro polizien jarduna oztopatu ez duen arren.
Itzubaltzeta/Romoko #LopedeVega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babestearen aldeko protesta jarraitzen ari zela, #Ertzaintza @HirukaEus taldeko lankide baten kontra oldartu da bere lana egiten ari zela, bideo honen amaieran ikus daitekeenez pic.twitter.com/RnjxYViW94
— Iker Rincon (@irincon_) February 14, 2023