Lope de Vegako auzia

Pertsona bat atxilotu eta beste hainbat zauritu ditu Ertzaintzak Lope de Vega kaleko eraikinen aldeko protestan

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 14a, 11:34

Dozenaka auzokidek protesta egin dute gaur goizean goizetik Itzubaltzeta/Romon Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babestearen alde. 08:30ak aldera, eserialdia egin dute errepidean, Azpiegiturak foru-enpresak bidalitako Redenor taldeko langileak higiezinera sartzea ekiditeko. Ertzaintza agertu denean, baina, protestaren kontra oldartu, herri-harresia desegin eta beharginen sarrera bermatu dute agenteek. Ondoren, inguruan batutakoek euren haserrea azaldu, inguruko burdin-hesien kontra kolpeka hasi eta ertzainak euren kontra egiten hasi dira. Oldarraldi horretan, pertsona bat atxilotu dute, eta beste hainbat kolpatu eta zauritu, tartean, HIRUKA komunikazio-taldeko argazkilaria, hasieratik behin eta berriro bere burua kazetari gisa identifikatu duen arren.

Otsailaren 7an, Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zituen Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinak, bertan belaunaldien arteko zentro berria eraikitzeko lanak aurrera eramateko. Atzo, astelehenean, Azpiegiturak foru-enpresak bidalitako Redenor taldeko langileak higiezinetara sartu ziren, beharrean hasteko. Horren aurrean, tokiko auzokideak antolatu ziren, eta protesta iragarri zuten gaur goizerako. Hala, langile horiek eraikinetarako sarbidea galarazteko eserialdia abiatu dute Lope de Vega kalean, goizean goiz, 08:30ak aldera, "eraisketa hau bertan behera utziko dugu!" oihuen artean.

Hasiera batean, Ertzaintzako buruak azaldu die auzokideei protesta egiten "utziko" zietela, baina langileak eraikinetara sartuko zirela. Denborak aurrera egin ahala, eta sarbidea ukatzen ari zitzaiela ikusita, agenteek eserialdia desegiteari ekin diote. Lehenengo saiakera horretan, protestan ari zen gizon bat zauritu dute, eskuan borra-kolpea emanda.

Eserialdiak aurrera jarraitu du, eta bertan batutako auzokideek behin eta berriro aldarrikatu dute eraikinak mantentzeko "beharra". Lasai-une labur baten ondoren, ertzainak istiluen kontrako babesak jantzi (kaskoak eta ezkutuak) eta "herri-harresia" desegiten hasi dira. Une horretan hainbat tentsio-une bizi izan dira, kolpeak eta bultzakadak. Halako batean, polizien jarduna grabatzen ari zen HIRUKAko lankideetako bat kolpatu du ertzain batek, baita mugikorra lurrera bota ere, hark bere burua hasiera-hasieratik kazetari gisa identifikatu duen arren.

10:00ak alderako eserialdia desegitea lortu dute polizia-agenteek, eta Foru Aldundiak bidalitako langileak higiezinera sartu dira. Une horretan, Lope de Vega kalearen inguruetara batutakoek eraikinak inguratzen dituen hesietan kolpeka eta txistuka hasi dira, eta ertzainak haien kontra oldartu dira berriro ere, kalea hustu arte.

Oldarraldi horietan, kolpeak eta zaurituak egon dira, eta protestan ari zen gazte bat atxilotu dute, "agintaritzaren aurkako atentatua" egotzita. Une horretan ere, HIRUKAko lankidea kolpatu dute besoan, dena grabatzen ari zela.

Eguerdian, 12:00ak aldera, tentsioa ere bizia izan da Itzubaltzeta/Romo auzoan; brigada mugikorreko beste furgoneta bat gerturatu da, eta, foam-jaurtigailuak daraman fusilak eskuetan, kalea moztu dute, inor eraikinetara gerturatu ez dadin.

Elkarretaratzea deitu dute arrastirako

Auzokideek, baita tokiko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek ere, ertzainen "indarkeriazko jokabidea" salatu dute, eta "eraisketaren aurkako borrokagaz jarraitzeko" asmoz, elkarretaratzea deitu dute gaur arrastirako. Hitzordua 19:00etan jarri dute, auzoko Santa Eugenia plazan.

Belaunaldien arteko zentroa

Itzubaltzeta/Romoko eraikinok botata, Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da belaunaldien arteko zentro bat eraikitzea. Azpiegitura horretan adin desberdinetako pertsonak elkarregaz bizitzea da asmoa; horretarako, guztira, gazteei begirako 40 etxebizitza egingo dituzte, eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako beste 100.

Getxoko Udalak urtarrilaren akabuan hustu zituen eraikinak, Ibar Nagusien Etxea elkarteak zentro sozial moduan erabiltzen zuena eta gaztetxe izandakoa –lehenago, euskaltegia–, hain zuzen.

Proiektuak 16 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, 20 hilabete baino gehiagoko exekuzioagaz. Azpiegitura berriak 2024an ateak ireki ahal izatea espero dute Aldundiak eta tokiko Udalak.

Egunean zehar egindako jarraipen osoa, Twitterren:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun