Uribe Kostako alkatetzetarako hautagaiak aurkeztu ditu EAJk

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 10:45

Leioan egin zuten agerraldia, zapatuan. © EAJ

Zapatuan, hilaren 25ean, Leioan egindako topaketan aurkeztu dituzte EAJk aurkeztuko dituen eskualdeko zerrendaburuak. Haien artean, hautagai izaten jarraituko dute Amaia Agirre (Getxo), Nagore Utxupi (Gorliz), Iban Rodriguez (Leioa), Elixabete Uribarri (Plentzia) eta Josu Landaluze (Sopela) gaur egungo alkateek; aldiz, Itziar Unibaso (Barrika), Itziar Aginagalde (Berango), Antxon Abaroa (Lemoiz) eta Jose Ignacio Olearentzat (Urduliz) hauxe izango da zerrendaburu diren lehen aldia.

Anfitrioi gisa, Iban Rodriguezek, Leioako egungo alkate eta EAJk aurkezten duen alkategaiak, ongietorria eman zien bertaratutakoei, erakundeen arteko lankidetzan eragin duen mezu bategaz. Azaldu zuenez, lankidetza horren ondorioz lortu da, esate baterako, “Leioan Avanzadako zati bat lur azpitik eramatea, hainbat hamarkadatan eskatu izan duguna”, bai eta “Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean institutu bateratua” ere, datozen urteetan gauzatuko dena. Udal esparruari dagokionez, “Leioak kiroldegi berria izango du”, aurreratu du, “hirigunea birgaituko da, Lamiakoko bulebarra bultzatuko da eta Pinueta Eraberritzeko Plana garatuko da. Beti helburu bakar batekin: bizi-kalitatea areagotzen jarraitzea”.

Uribe Kostako alkategaiez gainera, bertan izan zen Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua. Bere hitzartzean, besteak beste, Uribe Kostako hautagaiek tokiko herritarren beharrei erantzun eta eman dieten proiektuetako batzuk zerrendatu zituen, hala nola Itsasadarreko Bulebarra, Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko dituena oinezkoentzako pasealeku bat eta bizikleta bide bat sortuz.

Bi ertzak lotuko dituen ibaiz azpiko tunelari ere egin zion erreferentzia, “eta horrek nabarmen murriztuko du trafikoa Avanzadan”, bai eta bide hori Leioatik igarotzean estaltzeko obrak ere, "hilabete batzuk barru hasiko baitira, leioaztarren erreklamazio historiko bati erantzunez".

Era berean, 42 Urduliz eskola aipatu zuen, lan-merkatuak eskatzen dituen konpetentzia digitaletan eta zeharkakoetan profesionalak prestatzea helburu duena. “Horiek guztiak hobeto bizitzeko eta arazoak konpontzeko proiektuak dira”, azaldu zuen.

Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiagaz batera izan ziren Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea eta Uribe Kostako udalerrietan jeltzaleek alkatetzetarako aurkeztuko dituen bederatzi hautagai, bai eta Batzar Nagusietarako hautagaiak eta ehun bat alderdikide eta alderdizale.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun