Elkarrizketak

Nize: "Egia da gure erreferentzia asko 90ekoak direla"

Asier Barruetabeña Rivallo 2023ko mar. 1a, 14:05

Nize taldea. © NIZE

Gela zuri baten barruan begiak ireki eta paretetako koadroekin bat datozen 90eko hamarkadako doinuak pixkanaka esnatu naute, inguruan ikusten nituen irudietan burua galtzen nuela. Gaurkoan, gurean, artea eta musika batzen dituen proiektua dugu: Nize. 

Nortzuk zarete Nize, eta nondik zatozte?

Nize Arte Ederretan elkar ezagutu zen hirukotea da. Fakultatea urte berean hasi eta elkar ezagutu ginen. Hasieran, musika egiteko elkartzen ginen pare bat gitarrekin, baina denborarekin horrela itxi dugu gure formazioa, baxua, gitarra eta bateriarekin. Bilboko hirukotea garela esaten dute, baina, berez, Donostia, Artzentales eta Azkoitikoak gara. 

Hain gazteak izanda, egiten duzuen musikak 90eko hamarkadako influentzia handiak ditu, zer dela eta?

Gaur egungo musika ere entzuten dugu, kar kar, baina egia da gure erreferentzi asko 90eko hamarkadakoak direla. Musika estilo desberdinak entzuten ditugun arren, elkarrekin musika egiterakoan gure soinuak kutsu hori gordetzen du nolabait.

Oso proiektu berezia sortu duzue; musika aldetik zein alde artistikotik, oso landutako lana da zeuena. Zer influentzia du hori?

Gure testuingurua oso konkretua da; momentu honetan, Bilbon mugimendu asko dagoela esan daiteke musika eta artearen munduan. Horrek denbora guztian lanean egotera behartzen gaitu, gauzak konpartitzera, eta inguruan daukagun jendearengandik asko ikasten dugu. Nahiz eta erreferente asko izan, ez dugu estilo konkretu bat bilatzen, eta horregatik influentzia oso ezberdinak nahastuz sortu dugun musika da. 

Badirudi Euskal Herrian betiko punk eta rock doinuetatik aldentzen ari garela, eta urteak daramatzagu oso estilo ezberdinetara jotzen. Zeren eragina dela uste duzue?

Musika entzuteko era guztiz aldatu da azken hamarkadetan. Orain, Interneten bidez edozein musika estilo entzutea posiblea da, eta munduko edozein tokiko eszena lokalak ezagutu ditzakegu. Fenomeno horrek inspirazio iturri guztiz berriak ekarri ditu gure lurraldera.

Gainera, gero eta errazagoa da musika egitea, ordenagailu bakarra behar baita. Horrek erraztasun asko eskaintzen ditu, hala nola eramangarri bat edozein tokitara eraman ahal izateak. Sumatzen da, halaber, denok oso konektatuta gaudela. Lehen, askoz testuinguru zehatzagoa zegoen, orain, ordea, gauza gehiago ditugu eskura, musika estilo gehiago, lan egiteko modu gehiago…

Azkenaldian sarri entzuten dugu astebururo plan musikal ugari daudela, eta egia da kontzertuen agenda leporaino dagoela. Zer uste duzue?

Eskertu beharra dago plan alternatiboak egiteko aukera izatea. COVID-19ak sortu zuen egoerak erritmoa berreskuratzen ez zuen lagundu. Azken aldi honetan, aldiz, nabaritzen dugu berriro ere dena martxan dagoela eta mugimendu asko dabilela. Horren ondorioz, jendearen lana ezagutzea errazagoa da, eta pozik gaude berriro ere kontzertuak emateko aukera dugulako. 

Disko berririk?

Oraingoz, lasai gabiltza disko berria prestatzen eta, aldi berean, atera berri dugun diskoa oraindik mugitzen. Pixkanaka kantu berriak egiten ari gara, baina datorren diskoa mimo handiz egin nahi dugun lana da, eta, printzipioz, urtebete luze emango dugu datorrena  prestatzen merezi duen bezala. 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun