Aldarri feministek hartu dituzte martxoaren 8an Uribe Kostako kaleak

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 20:58

Kolore morea nagusi izan da gaur Uribe Kosta osoan. Izan ere, gaur, martxoaren 8aren testuinguruan, askotariko aldarri feministak entzun ahal izan dira udalerri guztietan. Goizean, ekitaldi instituzionalak izan dira nagusi gurean, baita neska gazteen mobilizazioak ere txoko askotan. Arrastian, aldiz, tokiko elkarte eta mugimendu feministek hartu dute lekukoa, besteak beste, bestelako zaintza sistema bat aldarrikatzeko. Horretarako, gainera, greba orokorra jarri du hurrengo mugarritzat eskualdeko eta Euskal Herri osoko Mugimendu Feministak.

Berdintasunaren aldeko mezuak egunotan entzun zitezkeen arren, borroka feministaren egun nagusia da gaur, martxoaren 8a. Hala, egun osoan zehar, askotariko elkarretaratze, ekimen eta mobilizazioak egon dira Euskal Herriko txoko guztietan, baita gurean ere. Goizean goizetik, kolore morez jantzi da eskualdea.

Eguerdian, elkarretaratze instituzionalak egin dituzte tokiko udaletxeen atarietan, Emakundek zabaldutako mezuei jarraiki, erabaki eta lidergo postuetan emakume gehiago egoteko beharra aldarrikatzeko, besteak beste. Ekimen horietan batutakoek azpimarratu dute gizarteak emakume gehiago behar dituela halako postuetan, eta, horretarako, emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko baldintzak sortu behar direla.

Kanpaina instituzional horrek mito faltsuak eraitsi gura izan ditu, hala nola emakumeak ez daudela hain prestatuta goi-postu horiek betetzeko, gogoratuta gurean goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik, emakumeak ia % 60a direla.

Eguneko lehenengo elkarretaratze horien ondoren, tokiko hainbat talde feministek euren lekua aldarrikatzeko bazkariak egin dituzte, Barrikan eta Leioan, berbarako.

Arrastian, berriz, uholde feminista more batek eskualdeko txoko guztiak zipriztindu ditu tokian tokiko manifestazioen bitartez. Horietan, urteotako borroka feminista gogoan hartu eta, besteak beste, bestelako zaintza sistema bat gura dutela aldarrikatu dute, "beste sistema bat eraikitzeko bidean".

Herriz herriko talde feministek euren errealitatea kontuan hartuta egin dituzte aldarrikapenak, baina denetan bat egin dute gizon eta emakumeen arteko arrakala egiturazkoa dela salatzerakoan. "Aspalditik esan izan dugu guretzako normalitatea gerra etengabean bizitzea dela. Normaltasuna hilgarria da. Normaltasuna egiturazko pobrezia eta prekaritatea dira", salatu du Mugimendu Feministak.

Ildo horretan, feministek gaur egun bizi garen krisiaren arduradunak seinaleztatu dituzte: "Gobernu kontserbadore eta politika neoliberalak dira guzti hau betikotzen dutenak eta gurean, izen propioak dituzte; Iberdrola, EAJ, PSN, CEN, Confebask.... Etsaia antolatzen ari da, gure hitzak hartu eta esanahiez husten. Guk, eraldaketa masibo bat katalizatu behar dugu, zaintzen osotasuneko eraldaketa, bizitzak zentralidadea izango duen antolamendu politiko, sozial eta ekonomiko baterantz".

Hala, pertsona guztien bizitzak erdigunean jarriko dituen planteamendua mahai-gaineratu du Mugimendu Feministak gaurkoan ere, zaintza sistema berri bat eraikitzeko asmoz. "Egiten dugun proposamena jendarte honetan ematen diren botere harremanak eraldatzeko proposamen bat da, patriarkatu kapitalistak guztiok kolpatzen gaituelako, eta ezkerreko mugimenduetan premisa honek zentrala izan behar du. Hau ez da emakumeon gauza, hau guztion afera da. Horregatik herri mugimenduek boterea eskuratzeko bide partekatuari ekin behar diogu".

Horretarako, gaurko manifestazioetan batuetakoek dei egin diote Euskal Herriko Mugimendu Feminista osoari, herri mugimendu guztiei, sindikatuei eta Euskal Herritar langile guztiei aurtengo udagoienerako Mugimendu Feministak deitutako greba orokor feminista babestera eta parte hartzera. "Antolakuntza eta autodefentsa feminista direlako ditugun tresna eraginkorrenak, gu, denon bizitzak erdigunean jartzeko, grebara goaz! Feminismoa da alternatiba. Gora borroka feminista!".

Uribe Kostako arrastiko mobilizazioen zuzeneko jarraipenak, herriz herri

Algorta

Erandio

Gorliz-Plentzia

Itzubaltzeta/Romo

Leioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun