Martxoaren 2an 10 urte bete zituen Ernai gazte antolakundeak. Zelan laburbilduko zenukete hamarkada horretan egindako ibilbidea?
10 urte igaro dira Ernai sortu zenetik, eta orain bertan gauden gehienok ez dugu gazte antolakundearen hasiera prozesua bizi izan, baina sumatu daiteke Ernaik aldaketak eman dituela 10 urteko borroka ziklo honetan zehar. Noski, ez da 0tik hasitako ibilbidea izan; aurreko hamarkadetan euskal gazteriak piztutako hainbat borroketatik sortutakoa da gurea.
2013ko martxoaren 2an sortu zen Ernai hura prozesu luze batetik etorri zen, eta horretan Euskal Herri mailan zein gure eskualdean ehunaka gaztek parte hartu zuten gazte antolakunde berria sortzeko. Hasiera horretan, gauza asko berriak ziren, eta hamaika gai eta borroka jorratzen zituen Ernaik. Orain ere bai, noski, eta esan daiteke urte hauek eman dizkiguten irakaspenak jaso dituela oraingo Ernaik, horietatik ikasi eta aurrera eginez.
Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ipar dituen antolakundea da Ernai; hasieratik jarritako helburuetatik gertuago zaudetela uste duzue?
Helburu handiak dira, eta 10 urte oso gutxi dira askapen mugimendu batean egindako ekarpenari erreparatzeko. Baina baietz esatera ausartuko gara. Egunerokotasuna aldatzeko proiektu eta borroka desberdinetan murgiltzen diren gazteak gero eta gehiago dira, gure proiektu politikoarekin bat egiten dutenak ere; argi dugu nazio askapenik gabe ez dela eraldaketa sozialik egongo, eta horraino heltzeko urrats txikiak ezinbestekoak direla. Horiengatik gaude gaur hemen.
Feminismoan egindako lana nabarmendu behar da, gainera. Belaunaldi oso batek antolakundearen oinarriak eraldatzeko apustua egin zuen, eta askok begi onez hartu ez zuten arren, gaur egun ezin dugu ulertu feminismorik gabe herri honen askatasunaren aldeko borroka.
“Egun bizi dugun krisi anizkoitzak eragin zuzena du gazteon bizitzetan, eta horren ondorio da espektatiba kolektiboen krisia”
Zeintzuk erronka dituzue gaur egun?
Gazte antolakundeak gazteok bizi ditugun problematikei erantzuteko eta horiek borrokatzeko joera erakutsi duela 10 urte hauetan, eta horixe da gure xedea gaur egun ere: gure herriko gazteriak bizi dituen arazo eta ezinegonei erreparatu eta borrokarako tresnak zein alternatibak ikustarazi. Ofentsiba ororen aurka, gazte olatu bat artikulatzeko beharra argi ikusten dugu, izan zapaltzen gaituen sistema kapitalista borrokatzeko, borroka ekologistan parte hartuz, proiektu txikitzaileen aurka antolatuz, borroka transmaribibolloa landuz….
Bigarrenik, gazteria independentista oso bat aktibatu nahi dugu; independentziaren aldarria gazte mailan zabaltzera goaz. Oro har, gazteriak ez du inolako atxikimendurik Espainiar eta Frantziar estatuen proiektuekin, eta indar hori burujabetzaren beharraren baitan artikulatzeko tresnak sortu behar ditugu, herri zapaldu bezala dagokiguna borrokatu behar dugulako eta gazte bezala etorkizun duin bat eskuratzeko estatu propio baten eraikuntza ezinbestekoa delako.
Bestetik, Ernairen estrategia feminista oso bat lantzen ari gara barne prozesu baten bidez. Lehen urrats feminista bat ere egin zuen Ernaik duela bost urte, eta ikasturte honetan gure militantzia-eredua eta gure ekinbide politikoa feministatzeko beste urrats bat eman nahi dugu. Hori erronka potoloa da antolakunde misto batentzat, baina Ernai feminista bilakatzeko helburua dauka gure antolakundeak, eta anbizioz eta konpromisoz erantzungo diogu erronkari.
Iazko hirugarren kongresuan, borrokarako anbizioa agertu zenuten. Zelan?
Kongresu prozesu luze bat egin genuen iazko ikasturtean eta Ehotzen ponentzia da horren fruitua. Esan dezakegu hortik egoerari erantzuteko tresna gehiago eskuratu genituela antolakunde bezala.
Helburu nagusi berdinak oinarri izanik, gizarte aldakor honi hobe erantzun ahal izateko tresnak eta estrategia berritu ditugu. Irudi berriz eta indar berrituekin ekin diogu berriz ere. Gazte mailako olatu oso bat artikulatzera goaz, zapalkuntza guztiei aurre egingo diena.
Zeintzuk zapalkuntza bizi ditu gaur egun Euskal Herriko gazteriak?
Garai aztoragarriak bizi ditu gaur egun jendarte osoak. Munduan zehar kapitalismoak eta tendentzia neoliberalek muga batzuk azaleratu dituzte eta krisi anizkoitz sakon batean sartu gara. Esparru guztietan krisia besterik ez da zabaltzen, eta krisi horiek modu transbertsalean ulertu behar ditugu, elkarrekin lotuak daudelako eta elkar eragiten dutelako: oinarrizko produktuen garestitzeak bizitzen garestitze basatia ekarri du, zaintza eremua krisian dago, erregai fosilen agortzeak krisi ekologiko ilun bat azaleratu du azken urteetan, osasun mentalaren gainbehera… Borroka guzti horiek modu isolatuan ulertu beharrean edo irakurketa sinplista eta hutsalen bidez erantzun beharrean, esparru guztietatik horiei aurre egiten jakin behar dugu.
Horrek guztiak gazteon bizitzetan eragin zuzena edo handiagoa du, eta horren ondorio da bizi dugun espektatiba kolektiboen krisia, hain zuzen ere, etorkizunean guretzako lekurik ez dagoen ideia geroz eta hegemonikoagoa.
"Garai bakoitzean gazteriaren behar eta errealitatearen aldaketara adi egon eta egokitzeko gaitasuna izan behar du Ernaik"
Aldatu egin dira egoera horiek 10 urteotan?
Aurreko belaunaldiek zituzten helburuekin bat egiten dugu eta bide berean gabiltza lanean, aurretik egindakoari jarraipena emanez. 10 urte hauetan noski aldatu garela eta aldaketak eman ditugula, baina modu positiboan ulertzen ditugu aldaketok: garai bakoitzean gazteriaren behar eta errealitatearen aldaketara adi egon eta egokitzeko gaitasuna izan behar du Ernaik.
Egun, esan genezake aipaturiko testuinguruak eta aurreikusten diren joerek egoerak txarrera besterik egingo ez duela erakusten dutela. Era berean, aukera bezala ikus ditzakegu garai ilun hauek; hainbeste muga azaleratzeak geroz eta argiago erakusten dio gizarteari eredu honen bideragarritasun eza. Guk dena errotik aldatu nahi duen proiektu eraldatzaile eta erreal bat daukagu esku artean, eta horren bueltan indarrak batu eta dena aldatzera goaz. Argi daukagu inork ez digula ezer oparituko, are gutxiago elkarrekin erantzuten ez badiegu erronkei. Horregatik egiten dugu borroka eta antolakuntzarako dei esplizitua, hau baita aurrera egiteko aukera bakarra.
Zelan egin dakieke aurre eraso horiei?
Gure bizitzen aurkako oldarraldia izugarria da esparru guztietan, horrek zaildu egiten du borroka oro antolatzea. Horri gehitu behar diogu tendentzia neoliberalen ondoriozko indibidualizazio prozesua. Horren guztiaren gainetik kolektiboaren indarrari eman behar zaio garrantzia.
Guretzat antolakuntza eta borroka dira tresna, hortik eragingo dugu eraldaketa. Borroka ezberdinak aktibatu eta gazte boterearen eraikuntzan urratsak eman eta gure bizitzen aurkako ofentsiba gelditzea da helburua.
"Prekarizazio egoera gordina aski ez, eta etorkizuneko espektatiba ilunak besterik ez dituen belaunaldia da gurea"
“Belaunaldi krisia” aipatu duzue inoiz. Zertan datza krisi hori, eta nori eragiten dio?
Aipaturiko krisi anizkoitzen testuinguru batean kokatzen ditugu bete-betean gazteok bizi ditugun problematikak, eta hortxe kokatzen dugu espektatiba kolektiboen krisia. Mundua gainbehera doa eta gazteok modu berezian gara kaltetuak.
Askotan esan dugu gazteok prekarizazio prozesu bat bizitzen ari garela. Egonkortasunik ez eta baliabide materialik ere ez dugu bizitza duinak garatu ahal izateko. Hainbat faktore daude tartean, lana eta etxebizitza, besteak beste. Prekarizazio egoera gordina aski ez, eta etorkizuneko espektatiba ilunak besterik ez dituen belaunaldia da gurea. Krisia besterik ezagutu ez duen belaunaldia gara, aurrekoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia.
Are, espektatiben krisiak gazteon bizitzetan eragin zuzena eta nabarmena du, eta aipatu dugun indibidualizazioak subjektu bezala bizi ditugun problematikak norbanakoaren arazo gisa ulertzera garamatza. Horrek ondorio larriak izan ditzake, eta horren adibide argia da gazteon osasun mentala. Etorkizunean espektatibarik ez izate horretan eta gure lekua topatzeko ezintasun horretan datza belaunaldi krisia deitzen duguna.
“Dena aldatzen ari gara” dinamika abiatu duzue. Zein da horren bide-orria?
Azaroan jarri genuen martxan dinamika, eta hainbat kontu egin ditugu. Lehen fasean, gazteok bizi ditugun problematikak azaleratu nahi izan ditugu eta egoeraren erantzuleak markatu. Dinamikaren bigarren zatian, hori guztia aldatzeko antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla aldarrikatu nahi izan diogu euskal gazteriari. Era horretan, hautu hori egitea bizitzeko modu bat dela adierazi nahi izan dugu ere. Bizi dugun testuinguruaren aurrean geldirik geratzea ez da aukera bat eta dena aldatzeko apustua egin dugula adierazi nahi du dinamikak, zimendu guztiak hankaz gora jartzeko apustua eginez.
10. urtemuga ospatzeko, hainbat egitasmo antolatu dituzue, ezta?
Bai, martxoaren 2an izan zen Ernairen 10. urteurrena eta hainbat egitasmo antolatu ditugu herrietan horren baitan. Azken urteetako lana balioan jarri nahi izan dugu, baina nostalgian erori gabe. Egindakoaz ikasiz baina etorkizunera begira ospatu du lehenengo hamarkada Ernaik.
Bestetik, martxoaren 25ean Uribe Kostatik ARI GARA Eguna egingo dugu Algortan. Egitarau oparoa antolatu dugu, gazte antolakundearen baitako komunitatea elkartzeko asmoz, eta deialdia zabaltzen diogu ere eskualdeko gazteria guztiari.
Azkenik, apirilaren 6, 7, 8 eta 9an Gazte Topagunea antolatuko du Ernaik, Elorrion. Urtero egiten den udaberriko ekimena da hori, baina aurten esentzia berezi bat eman nahi izan diogu 10. urteurrena dela-eta. Hemen ere eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dugu eta autobusak antolatuko ditugu Uribe Kostatik ere gazte andana joateko.