Garikoitz Etxeberria apirilaren 14an lekualdatu zuten Dueñasetik (Palentzia) Arabako kartzelara, eta horrek uko egin zion beste preso bategaz ziega partekatzeari. Ondorioz, ordutik bakartze egoeran daukatela salatu du. Hasieran, patio greba abiatu zuen, baina horrek konponbiderik ez zekarrela ikusita, gose greba hasi zuen hilaren 19an, Tinko antolakundeak jakinarazi duenez.
Atzo, astelehenean, apirilaren 24an, Etxebarriari elkartasuna adierazteko protesta abiatu zuten Zaballako espetxean Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria, eta Patxi Ruizek gauza bera egin du Iruñeko kartzelan.
"Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik nahiz binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe", adierazi zuen Etxeberriak greba hasi zuenean, eta gaineratu zuenez, "espetxea sumitze eta zigortze eremu denez, bikoiztera sumitu nahi izan ninduten eta intsumitu nintzelako zigortu naute".
"Araudia guztientzat berdina da"
Euskal presoek abiatutako gose grebaren harira, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak azpimarratu du araudia preso guztientzat dela, "ETAkoak izan edo ez, eta guztiek tratu bera jasoko dute".