Garikoitz Etxeberria apirilaren 14an lekualdatu zuten Dueñasetik (Palentzia) Arabako kartzelara, eta horrek uko egin zion beste preso bategaz ziega partekatzeari. Ondorioz, ordutik bakartze egoeran daukatela salatu du. Hasieran, patio greba abiatu zuen, baina horrek konponbiderik ez zekarrela ikusita, gose greba hasi zuen hilaren 19an, Tinko antolakundeak jakinarazi duenez.
Atzo, astelehenean, apirilaren 24an, Etxebarriari elkartasuna adierazteko protesta abiatu zuten Zaballako espetxean Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria, eta Patxi Ruizek gauza bera egin du Iruñeko kartzelan. Hala ere, Etxeberriak espetxeko zuzendaritzagaz akordioa lortuta, baraualdia bertan behera utzi du gaur, martitzenean, eta, beragaz batera, gainontzeko euskal presoek ere.
"Kartzelak ziurtatu dio aste honetan edo hurrengoan modulu arrunt batean egongo dela eta ez duela ziega beste inorekin partekatu behar", adierazi du Tinko erakundeak.
"Araudia guztientzat berdina da"
Euskal presoek abiatutako gose grebaren harira, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak azpimarratu du araudia preso guztientzat dela, "ETAkoak izan edo ez, eta guztiek tratu bera jasoko dute".
Pintaketak batzokietan
Euskal presoon protestak kaleratu guran, Euskal Herriko hainbat batzokitan pintaketak egin dituzte, tartean, Berangokoan. Bertako alkate Anabel Landak sareetan deitoratu ditu ekintza horiek: "Badagoz oraindik batzuk, besteenganako errespetuz jokatzen ikasi ez dabenak".