Hasi da bozka-jokoa: aldaketarik egongo ote da?

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 28a, 08:00

Lau urte igaro dira 2019ko udal-hauteskundeek tokiko gobernuen osaketa erabaki zutenetik. Urte hartan, EAJ izan zen nagusi, EH Bilduren aurretik. Jeltzaleek alkatetza guztiak eskuratu zituzten eskualdean baina, orain, indarrak batuta, koalizio abertzalea Uribe Kostan jokoan dauden aginte-makiletakoren bat eskuratzeko prest dago. Goizeko 08:00etan ireki dituzte hautetsontziak; jokoa hasi da.

Uribekostarrek hitzordu bikoitza dute gaur hautetsontziakaz, udal- eta foru-hauteskundeak baitira. Kanpaina maiatzaren 12an abiatu zen, gauerdian, eta, hilaren 26ra bitartean, udalerriz udalerriko alkatetzetarako hautagaiak euren programak eta asmoak jendaurrean aurkezten aritu dira, herrikideen botoa bereganatzeko norgehiagoka bizian.

"Demokraziarekiko babesa handia den arren, askok urruntasuna sentitzen dute, eta horrek eragina du abstentzioan"

Pandemia betean, 2020ko uztail arraro hartan, musukoa jantzita eta konfinamendu luze batetik irten berri, Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak izan genituen. Urte hartako datuetan ikus daitekeenez, abstentzio-maila altuko bozketa izan zen, eta EAJ izan zen nagusi Uribe Kostako herri denetan, EH Bilduren aurretik. Hori ikusita, baita udal-hauteskundeen azken bozketa bien emaitzak aztertuta ere, Jon Azkune EHUko politologoak uste du koalizio abertzaleak bere posizioak indartu dituen arren, litekeena dela eskualdeko udalen agintari guztiak –edo gehienak– jeltzaleak izatea oraingoan ere.

Herri-hautagaitzak, gakoa

Udal-hauteskundeek, gertukoak izanagatik-edo, parte-hartze handiagoa izan ohi dute. Gainera, tokiko gobernuak osatzeko bozek berezitasun garrantzitsua dutela gogoratu du adituak: herri-hautagaitzak. Horiek, azken urteotan eskualdean alkatetzarik izan ez duten arren, gobernuan nor egongo den erabakitzeko giltza izan ohi dute, 2015ean, Plentzian, eta 2019an, Sopelan izan zuten bezala. Lehenengoan, EAJk boto gehien jaso arren, EH Bilduk hartu zuen hiribilduaren aginte-makila Independenteak taldeko zinegotzien aldeko botoei esker; aurreko bi agintaldietan, berriz, Independenteak eurak izan ziren gobernu-buru. Sopelan, aldiz, zinegotzi independenteak bere buruari bozkatu izanak ahalbidetu zuen EAJk agintea izatea, azken momentuko akordioari men eginez. Gorlizen ere, 2007an, EAJ bozkatuena izan arren, independenteek lortu zuten gobernuaren buru izatea, PP, Ezker Batua eta EAren babesagaz. 

Hartara, kasuan kasu, herritarren hautagaitzek baldintzatuko dute datozen lau urteetako herri mailako politika. Are gehiago ikusita aurten azken urteetan baino herri-plataforma gehiago aurkeztuko direla.

EHUko politologoak dioenez, gero eta handiagoa da politikarekiko mesfidantza eta desinteresa gizartean, eta ikuspegi kritikoa nagusi den testuinguru batean, herritarren interesak mahai-gainean jarriko dituzten plataformak gero eta paper handiagoa dute leku askotan. "Ohiko alderdiek erakartzeko ez duten gaitasuna dute horiek, eta giltza dira eta izango dira aldaketarako", iragarri du.

"EAJren eta PSE-EEren arteko aliantza-akordioaren ondorioz, zaila izango da aldaketarik egotea"

Aldaketa gutxi

Azkenengo inkestek iradokitzen dute berriro ere jeltzaleak gorabehera handirik gabe gailenduko direla boto kopuruan. "Oso errotuta dago EAJ Bizkaian. Tradizioz bozka ematen dioten herritarrak ditu, eta botoak orekatuta mantentzen dituen alderdia da. Bere arrakastaren gakoa hori da, transbertsala dela, adin-tarte eta klase sozial guztietan boto-emaileak dituela", Azkuneren arabera. Hala ere, EH Bilduren bilakaera nabarmendu du, urteotan gorakada izan baitu eta, koalizio abertzaleak berak dioenez, "bigarren indarra da orain". Ondorioz, talde horrek inoizko emaitzarik onenak lor ditzakeela uste du politologoak, baina aitortzen du gatz izango duela alkatetzaren bat eskuratzea, jeltzaleen eta sozialisten arteko aliantza-akordioaren ondorioz. Hartara, independenteek izango dute giltza oraingoan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun