Analisia

Hauteskundeen ostean, asko aldatu da Uribe Kostako udalen panorama

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 29a, 14:37

Indarrak banatuta bukatu dira 2023 honetako udal-hauteskundeak Uribe Kostan. Koloreak areagotu egin dira, eta 2019an EAJk udalerri guztiak konkistatu zituen arren, oraingoan EH Bildu indar nagusi izatea lortu du horietako hirutan, eta teknikoki jeltzaleakaz berdindu beste bitan. Hala ere, nabarmentzekoa da aurtengo herritarren parte-hartze txikia, % 60 ingurukoa gurean.

EAJk aise irabazi ditu hauteskundeak Erandion, Leioan, Getxon eta Berangon, eta, zerrenda bozkatuenak izan arren, berdinketa teknikoa eskuratu du Barrikan eta Urdulizen koalizio abertzaleagaz. Azken horrek, EH Bilduk, berriz, Sopelan eta Plentzian indarrik bozkatuena izatea lortu du berriro ere, eta Lemoizen talde jeltzaleari gailentzea lortu du aurrenekoz.

Hala, eskualdea zatituta gelditu da, EAJ eta EH Bildu indarren artean; Gorlizen, bere aldetik, aurten sortutako Gorliz Bizirik herri-plataforma izan da nagusi, indar subiranisten aurretik.

Eserlekuen banaketen artean ere trukaketa egon da, eta, ildo horretan, nabarmena izan da EAJk 13 zinegotzi galdu dituela hauteskundeotan, EH Bilduk 11 irabazi dituen bitartean. Gainontzekoak, beste indarren artean banatu egin dira.

Emaitzok adierazten dute bi alderdi politiko horien arteko lehia beroa dela, eta halaxe izango dela etorkizuneko hauteskunde-prozesuetan.

Eskualdeko udal hauteskunde hauen emaitzek argi utzi dute panorama politikoa etengabe aldatzen ari dela. EH Bilduk goranzko bidean dagoen indar politiko gisa sendotzea lortu du, eta EAJk, berriz, bere garrantzia politikoari eusteko estrategia birplanteatu beharko du. Gainera, hauteskundeetako parte-hartze baxuak ahalegin bateratua eskatuko du herritarren parte-hartzea sustatzeko eta tokiko prozesu politikoak indartzeko.

Datozen egunetan, alderdi politikoek emaitza horiek sakon aztertzea eta udal-gobernu berriak osatzeko negoziazioak hastea espero da, etengabe aldatzen ari den eskualde baten erronkei eta itxaropenei aurre egin beharko baitiete.

Analisiak, herriz herri

Barrika

EAJk 51 boto baino ez dizkio atera bigarren indarrari, EH Bilduri, eta, gauzak horrela, berdinketa teknikoa gertatu da bi alderdien artean. Jeltzaleek lau zinegotzi lortu dituzte, aurreko legealdian baino bat gutxiago; koalizio abertzaleak, berriz, bat irabazi du. IBarrikako idependenteek, euren aldetik, zinegotzi bakarra mantendu dute. Ondorioz, litekeena da azken horiek izatea giltza Udala zuzenduko duen alkatea izendatzeko.

Berango

Itziar Aginagaldek (EAJ) itunak bilatu beharko ditu gehiengoagaz agindu gura badu Berangoko Udalean. Batetik, jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute EH Bilduren mesedetan eta orain arte Anabel Landak zuen gehiengoa galdu dute. Bestetik, orain arte ordezkaritza zuten PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PPk zinegotzi bana mantenduko dute.

Erandio

Jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute, Udaleko osoko bilkuran sartzea lortu duen PPren mesedetan. Hala ere, EAJ eta PSE-EEren orain arteko gobernu-taldeak gehiengo absolutua mantentzen jarraituko luke urteotan adostutako akordioa mantenduko balute.

Getxo

Amaia Agirre jeltzaleak zuzendutako taldeak irabazi ditu Getxoko udal-hauteskundeak, hala ere, bi zinegotzi galdu ditu bidean, eta 11 izatetik 9 izatera igaro da. Hala, PSE-EEgaz orain arteko ituna mantenduta ere ez lukete gehiengo osoa izango, eta, ondorioz, akordioak bilatu beharko dituzte gainontzeko alderdi politikoakaz.

Bere aldetik, EH Bilduk bi ordezkari gehiago lortu ditu, sei izateraino, eta PPk bat gehiago, koalizio abertzaleagaz berdinduta.

Gorliz

Gorlizen izan da ezustekorik handiena; EAJk gehiengoa galdu du eta Gorliz Bizirik herri-plataforma berria izan da talderik bozkatuena. Jeltzaleek bi zinegotzi galdu dituzte eta laugaz geratu dira, EH Bildugaz berdinduta. Indar banaketak ikusita, esperokoa da, orain arte bezala, akordioak bilatzea alde guztien artean udalerria gobernatzeko.

Leioa

EH Bilduk eta PPk zinegotzi bana lortu dituzte eta orain arte gobernu-taldea osatzen zuten EAJ eta PSE-EEtik hurbilago geratu dira. Hala ere, Iban Rodriguezek Alkatetza eta gehiengoa mantenduko luke sozialistakaz hitzarmena berriztuz gero. Halaber, Elkarrekin Podemosek ordezkari bat galdu eta bigaz geratu da.

Lemoiz

EH Bilduk lehenengo aldiz EAJ gainditu du udalerri honetan, eta koalizio abertzaleko alkategaiak jasoko du Lemoizko aginte-makila laster. Soberanistek aurreko hauteskundeetan baino 95 boto gehiago lortu dituzte, eta, emaitza horri esker Alkatetza kendu diete jeltzaleei.

Plentzia

Aitor Garagarza izango da Plentziako alkate berria, EH Bilduk lortutako gehiengo absolutuari esker, aurrekoan baino zinegotzi bat gehiago lortuta. Aldiz, alderdi jeltzaleak 2019ko hauteskundeetako botoen erdia bakarrik jaso du azken hauteskundeotan: 1.153 bototik 586ra pasatu dira, eta, ondorioz, 6 zinegotzi izatetik 3 izango dituzte orain. Horrez gain, Isuskitzako bizilagunen hautagaitzak bi zinegotzigaz Udalbatzan sartzea lortu du.

Sopela

Sopelako Udalbatzako panorama erabat aldatu da atzoko hauteskundeen ondorioz. Alde batetik, EAJk zinegotzi bat galdu du eta EH Bilduk bi irabazi ditu; horrenbestez, jeltzaleek sei zinegotzi izango dituzte eta koalizio abertzaleak zortzi, gehiengo absolututik puntu erdira. Beste alde batetik, Marisa Gadearen Sopelako Auzo Alternatiba alderdi independenteak zinegotzi bategaz Udalbatzan sartzea lortu du eta DB-TU alderdi independentea ordezkapenik gabe geratu da.

Urduliz

Hauteskunde hauekaz beste bi eserleku gehitu zaizkio Urdulizko Udalbatzari, eta, kasu honetan, biak izan dira EH Bildurentzat. Gainera, lehen bi alderdien arteko aldea asko murriztu da; izan ere, jeltzaleek 182 boto galdu dituzte, 2019ko hauteskundeakaz alderatuta, eta koalizio abertzaleak 129 gehiago lortu dituzte. Elkarrekin Podemosek bere zinegotzi bakarra mantentzea lortu du eta, horren ondorioz, berdinketa haustearen ardura berea izango da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun