Zer da zehazki Komunikazio Ez Bortitza (KEB)?
Hurbiltasuna sortzen duen guztia sartuko dugu paradigma honetan. Ez da indarkeria ez jartzea, baizik eta hurbiltasuna eta erakarpena sortzea. KEBak bilatzen du kalitate handiko konexioa sortuz guztion beharrak ikusi eta zaintzea. Hori horrela izanik, denok izango dugu irabazi edo aberastu izanaren sentsazioa.
Zer baliabide daude horrek dituen helburuak lortzeko?
Norberari gertatzen ari zaiguna zintzotasunez adierazteko ahalmena eta besteari enpatiaz entzuteko gaitasuna eskatzen ditu, izan ditzakegun hitz edo ekintzetatik haratago. Bi gaitasun horietako bakoitzak lau osagai ditu: egoeraren behaketa, pizten diren sentimenduak ezagutzea, ditugun beharrak identifikatzea eta eskaera egitea (beharrak asetzen lagunduko dizkidan ekintza konkretuak).
Zintzotasunez adierazteko edo enpatiaz entzuteko gai izateko ezagutu beharreko piezarik garrantzitsuenak ase nahian gabiltzan beharrak dira. Gizaki guztiontzat unibertsalak diren balore, grina edo aspektu garrantzitsuak edonor hazi eta loratzeko beharrezkoak ditugun baldintza ezinbestekoak dira. Horiek dira gure ekintzak egiten ditugun moduan egitearen arrazoi edo motorra. Marshallek zioen moduan, gizakiok ez dugu geure premiak asetzen saiatzea besterik egiten, nahiz eta erabiltzen ditugun modu edo estrategiak, batzuetan, traketsak, kaltegarriak edo tragikoak izan.
"Nire bizitza pertsonalerako eta profesionalerako sendotasun gehiago eskainiko zizkidaten lanabesen bilaketan, Marshall Rosenberg-en Komunikazio Ez Bortitza (KEB) topatu nuen duela 17 urte"
Zer da orduan komunikazio bortitza?
Paradigma honen barruan, deserosotasun, mina, urrutiratzea edo defentsan jartzera eramaten gaituen edozein elementuri bortizkeria deritzogu. Eta hori sozialki ulertzen dugun irain, eraso edo jotzea baino haratago doa.
Hau da, bortizkeria lirateke epaiak, etiketak (ongia eta gaizkia, errua eta, beraz, merezitako zigorrak edo sariak), exijentziak («Egin beharko luke/nuke, ez badu egiten...»), arrazoia eduki nahi izatea, kuestionatzea, abisuak eman edo mehatxatzea, konparatzea, aholkuak ematea eskatzen ez zaigunean... Horrelako elementu sotilak aurkitzeak edo ezagutzeak argitasuna ematen digu, batzuetan komentario txiki batek norbait itxi edo defentsan jartzea ekartzen baitu. Sarritan ez dugu ulertzen zergatik jarri den horrela, eta, ondorioz, gehiago haserretzera eramaten gaitu.
Nola landu genezake Komunikazio Ez Bortitza eskola barruan, umeakaz?
Hezkuntza sistema eraikita dagoen moduan, estrukturalki gauza asko daude bortizkeriaren barruan bizi ditzakegunak. Ikastetxeetan azken urteetan aldaketa batzuk ematen ari badira ere, denok dakigu estruktura eta sistema sozialak eraldatzea ez dela goizetik gauera egiten den zerbait eta, beraz, oraindik bide luzea dugu aurretik.
Bide hori egiten ari garen bitartean, nire indarrak helduekin jartzen ditut, irakasleak egoera honetan lantzeko dutena ere landuaz. Hezitzaileek dituzten baldintzetan lan egitea ez da batere erraza, eta horiek dituzten beharrak, beraien adimen emozionala, norbere gatazketan kudeaketan, orokorrean, oso baldintzatuta daude. Sarritan, ikasleei eskatzen dizkiegun gauza asko guk geuk ikasteko ditugunak dira.
Eta, azkenik, ikasleekin ere egunerokotasunean erlazioan eta bizipenetan murgilduta gaudenez, horiekin bizitzarako baliabideak eskuratzen jarri gaitezke. Horretarako idatzi nuen Jirafa hizkuntza, ikasleekin egiteko proposamenak liburua. Bertan, Komunikazio Ez Bortitza abiapuntu hartuta, espazio seguruak eraikitzeko, ikaskuntza esanguratsua bermatzeko eta errespetuzko elkarbizitzarako dinamika eta proposamenak aurkezten ditut.
"Eskolak espazio seguruak izateko eta autoritate rol osasuntsu batekin ikasle bakoitzak bere ikasketa-prozesu esanguratsu bat lortzeko lanketa sakona behar dugula iruditzen zait"
Eta etxean?
Etxean ere, bide berdinetik. Neure esperientzia pertsonalean eta guraso eskoletan behin eta berriz konfirmatzen dut seme-alabekin bizitzen ditugun egoerak aukera bikainak direla gu ere beraiekin hazten eta ikasten joateko. Gure begirada edo egoera ikusteko eta interpretatzeko modua garbitzen dugunean, sarritan, seme-alabekin esku hartzeko modua asko aldatzen da. Eta beste batzuetan, ezer asko egin gabe ere bideratzen joaten zaizkigu.
Etxean sarritan kolaborazioa lortu nahi izaten dugu. Orokorrean, inori ez zaigu kolaboratzeko gogoa pizten aurrean dugunak, gure hobe beharrez izanda ere, exijentzia, kritika, mehatxu edo erru bidez gure jokaera edo jarrerak aldarazi nahi dizkigunean. Horregatik, enpatia, adierazpen zintzo eta muga ezartzeko artea praktikatzea eta fintzea eskatzen du, modu firme eta goxoan, ez bortitzean, jartzea ere posible baita.