Uztailaren lehenengo egunetan, Frantziako Tourrak Euskal Herria zeharkatuko du, baita gure eskualdea ere, uztailaren 1ean. Zer irakurketa egiten du Gure Eskuk horren inguruan?
Gure Eskuk Tourraren nazioarteko oihartzuna probestu nahi du gure aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko; hau da, zazpi lurraldeko herria garela eta herri gisa erabaki nahi dugula.
Gure herriaren nortasuna txirrindularitzaren balioekin lotutako nortasuna da: talde lana, dena emateko gaitasuna helburu komun baten alde, aldapa latzenek ere beldurtzen ez gaituztenak... Bere buruaren jabe izan nahi duen nazio sentimendu batek eragiten duen harrotasunak darama euskal zalegoa ikurrinekin ateratzea eta guk ere jendea animatu nahi dugu errepide bazterretara ikurrinak eskuan ateratzera.
Baina ikurrina horien atzean dagoena lantzen ari gara, ikurrina horiek ikusten dituztenek jakiteko zer den atzean dagoena: nazioartean aitortua izan nahi duen herria, erabakimen osoa bereganatu eta autogobernatua izan nahi duen herria, erronka globalei aurre egiteko burujabetza osoa nahi duen herria dituen baliabideekin irtenbideak aurkitzeko, hizkuntza eta kultura propioa duen herria, alor anitzetan gizarte ekimenez eredu propioa antolatzeko gaitasuna duen herria, ehun ekonomiko propioa garatu duen herria… Horretarako, Jon Benito idazle, komunikatzaile eta poeta zarauztarrak sortutako prentsa txostena banatuko diegu etorriko diren kazetariei.
Bertoko udal eta erakunde askok besoak zabalik hartuko dute atzerriko proba hori. Zer iritzi diozue horri?
Guretzat ere atzerriko proba da, Frantziakoa. Gure lurretan sartuko den atzerriko proba. Eta hemen egongo den bitartean gure izaera erakutsiko diogu munduari. Tourra munduko kirol ikuskizunik ikusien eta jarraituena da, 190 herrialdeetan ikusten da, 100 hedabide baino gehiagok emititzen dute. Europan soilik 150 milioi ikusle baino gehiago ditu. Eta guk guzti horiei hitz egin nahi diegu, gure ahotsak entzunarazi nahi ditugu, erabakitze eskubidea mahai gainean jarri, hori baita Gure Eskuren helburua. Gure ikurrak errepidera ateraz herri baten borondatea eta determinazioa erakutsiko dugu.
Herritarrak berriro ere kalera ilusioz ateratzeko aukera da Tourra, elkarrekin helburu komun hori zabaltzeko, oihukatzeko eta irribarre partekatzeko.
Ildo horretan, Gure Eskuk “Euskal Herria munduan” ekimena abiatu duzue. Zertan datza, zehazki, ekimen hori?
“Euskal Herria munduan” ekimenak, esan bezala, erabaki nahi dugula aldarrikatzeko helburuarekin sortutako ekimena da. Uztailaren 1, 2 eta 3an Tourrak Euskal Herria zeharkatuko du eta 5ean Zuberoako herri batzuetatik ere igaroko da. Guk herritarrei errepideetara ikurrina eskuan ateratzeko deia egin diegu. https://izenaeman.gureesku.eus/ web-orriaren bidez bakoitzak jakinaraziko digu zein ekimenetan hartuko duen parte (Bilbon irteeran edo helmugan, Gasteizen irteeran, Donostin helmugan, Zornotzan irteeran, Baionan helmugan, Zuberoako herrietako errepideetan edo Bidasoako ekimenean). Gu leku guztietan egongo gara eta leku bakoitzean 1000 makildun ikurrina banatuko ditugu, izen eman duten horiei mezu bidez jakinaraziko diegu non jaso ikurrina eta non itzuli. Horretaz gain, ikurrina txiki ugari ere banatuko ditugu, bai lehenago bai egunean bertan karabanan zein leku bakoitzean egongo diren laguntzaileen bidez.
Herrietako taldeek hainbat ekimen, pankarta eta mosaiko erraldoi egiteko deialdiak antolatu dituzte. Eta horretaz gain, leku desberdinetan jaialdiak ere egongo dira.
Baina guretzat Bidasoa da leku klabea; izan ere, bertan bi errelato desberdin gurutzatuko dira. Tourreko antolatzaileentzako bertan amaitzen da Espainiar estatuko zatia eta Frantziar estatura sartuko da. Guretzat dena da Euskal Herria eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan, 12:00etan Santiago frontoitik hasita egingo dugun kalejira koloretsuaren bidez. Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hartuko dute parte eta, era berean, Euskal Herriko zanpantzar, buruhandi eta erraldoi, txistulari, trikitilari eta bestelako musikari taldeei gurekin parte hartzeko deialdia egin dugu. Oso garrantzitsua da espazio honetan gure koloreak erakustea, Bidasoaren bi aldeetan herri bera bizi garela ikusaraztea.
Tourrari lotuta, gurean, Uribe Kostan, Gure Eskuren eskutik zer egingo den aurreratzerik baduzu?
Uribe Kostan ere lehenengo hiru etapetan ikurrinekin errepideetara ateratzeko deia egiten diegu herritarrei. Ekainaren erdialdean hasiko gara ikurrinak banatzen, etxeetan eskegi edota errepideetara eraman ahalko direnak.
Uztailaren 1ean goizean Tourra gure eskualdetik pasako da eta herrietako taldeak irudimen kolektiboz sortutako egitaraua prestatzen ari dira, ekimen ikusgarriz osatuta egongo dena. Aurreratu dezakegu jendea batuko dela Erandion, Getxon, Algortan eta Sopelan eta hori eskualde guztietan biderkatzea dugu helburu. Horretarako oso garrantzitsua da ekainean zehar egingo diren batzar irekietan parte hartzea.
Egun horretan arratsaldean hitzordu garrantzitsua izango dugu Bilboko helmugan. Bertara joateko https://izenaeman.gureesku.eus/ izena eman behar da, “1.000 ikurrina baietz!” ekimenaren baitan. Esan bezala, ondoren jakinaraziko zaie izena emandakoei non banatuko zaien ikurrina makilduna. Angel Oiarbidek esaten zuenez, “Handia egitera goaz!”.
Halaber, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko orain 10 urte abiatutako bidea aldarrikatzeko eguna izango da ekainaren 8koa Portugaleten, 19:00etan ekitaldi kulturala antolatu baituzue. Zelan laburtuko zenuke hamarkada honetan Gure Eskuk egindako bidea?
Hamar urte igaro dira, baina hamar urte baino ez. Hamarkada honetan, aurreko belaunaldien lanari segida emanez, herritarrok jabetu gara herri gisa erabakitzea prozesu bat dela eta elkarrekin egin behar den bidea dela. Erabakitzea bide bat da. Guk amesten dugun erabakitzeko ekintza kolektibo horren aurretik eta atzetik bidea egiteko egongo da. Urratsak eman behar ditugu burujabetza ekosistemak osatzeko. Gero eta esparru gehiagotan burujabe izan, gero eta ahaldunduago egon emakume bezala, gazte bezala, erretiratu bezala, … gero eta esparru ahaldundu horien arteko elkarlana eta saretzea sendoagoa izan, orduan eta hurbilago izango dugu herri gisa erabakitzeko ariketa edo, akaso, ariketak izan daitezkeenak.
Eta bide horretan ezinbestekoa da herritarrak protagonista izatea. Asko dugu ehuntzeko, adosteko eta erabakitzen trebatzeko. Erabakitzen ik(h)asteko prozesu bat abian dago Euskal Herrian eta demokratikoki ondo josi behar dugu, gure ahotsa munduko plazan ozen eta behar den zilegitasunarekin agertzeko.
Indarrez abiatutako ibilbidea izan zen hura, milaka eta milaka pertsona mobilizatzea lortu zuena. Azken urteotan, baina, badirudi irudi hori lausotu egin dela. Jendea berriro aktibatzeko beharra dagoela uste duzu?
Ficoban elkartu ginenean jabetzen ginen asko ikasteko bagenuela Europan abian ziren hainbat erabakitzeko prozesuetatik, hala nola, Eskozia, Katalunia, Irlanda, Korsika, Flandes… Tren bat abian zen, hots, Europako herriek burujabe erabakitzeko trena, eta guk tren horren atoi bat izan nahi genuen. Aukera bat sortzen ari zen Europako herriek bere etorkizuna modu librean eta demokratikoan erabakitzeko.
Sortzen ari zen abagune hori baliatzeko milaka autobus bete genituen 2014ko giza katean, baina ordurako Katalunian eta Eskozian hautestontziak zituzten lanabes. Hautetsontziak herritarren esku nola jarri zuten kezka eta erronka. Erabakitzeko kultura demokratikoa lantzeko dinamikak zituzten martxan.
Horiek horrela, Gure Eskuren helburua izan zen hautetsontzien ariketa kolektiboa Euskal Herrira ere ekartzea. Esan eta egin. Etxarri Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon abiatutako galdeketen ildoari jarraiki, bi urtean 208 herritan egin ditugu kontsultak estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruz; Euskal Herriko biztanleriaren herena bizi den eremuan, hiriburu bat barne —Donostia—. Galdeketen dinamikari esker, 1.061.058 lagunek izan dute botoa emateko aukera eta horietatik 218.248k hartu zuten parte; % 20,56k.
Erabakitzeko kultura bereganatzeko dinamika horretan galdera berriak agertu ziren eta jabetu ginen tresna berriak behar genituela. Erreferendumak antolatzea gure erakundeen esku egon behar du, baina erreferenduma antolatzeko eta horretan parte hartzeko baldintzak eta jarrerak ere eskuratu behar ditugu, eta horretan herritarren lana eta elkarlana ezinbestekoa da. Gaia garrantzitsuegia baita soilik alderdi politikoen esku geratzeko. Jabetu ginen erabakitzeak herri eztabaida eskatzen duela, Eskozian Independentziaren Liburu Zuriarekin egin zuten bezala, eta agerian geratzen ari da herri eztabaida egituratzea Euskal Herrian zer nolako zailtasunak dituen. Katalunian jabetu ginen erreferendumak nazioarteko aitortza behar duela eta adostasunaren bideak hori errazten duela.
Bigarren Giza Katea egin zen orduan eta Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea jasotzen zuen estatus berriaren lanak sustatu eta babestu genituen. Ondoren, Pandemia etorri zen.
Pandemiak ahuldu egin gintuen, norberak bere etxean sartu, beldurra eta ziurgabetasuna hedatu zen. Baina horrekin batera inoiz baino argiago ikusi genuen Euskal Herriak tresna burujabeak behar dituela XXI. mendeak aurrean jarri dizkigun erronkei heltzeko eta gaur gaurkoz dauzkagunak ez direla nahikoak.
Hortaz, zoru komuna eraiki beharrean gaude burujabetza nola eskuratu eta nola garatu behar dugunaren inguruan. Kontua da gure buruari galdera egokiak egiten asmatzea. Ziurgabetasun handiko garaian gaude eta, gauzak horrela, Gure Eskun kolektibotasunaren aldeko apustuak, sareak, aliantzak, babesak sortu nahi ditugu, behe-laino artean ere arraunean jarraitzeko. Ziurgabetasun garaian ere, lema hartzeak merezi duela argi izanda eta bakarrik ez gaudela jakinda, aurrera egiten jarraituko dugu.
Eta zer egin dezakegu? Nola aktibatu? Bada, Ficoban apirilean egin genuen nazioarteko konferentzian Ireland for Future taldeko kideak kontatu zigun nola Irlandan herritarrak enbaxadore lanetan ari diren, sukaldez sukalde, etxez etxe, auzoz auzo eta herriz herri. Irlanda libre eta burujabearen enbaxadore bihurtu dira hamaika herritar, uhartea batuko duen erreferendumaren alde. Herritarrak ari dira bere esku hartzen erreferendum horren baldintzak eta aldeko giroa sortzea, erreferendumean parte hartze zabala bermatzeko. Bada, Euskal Herri libre eta burujabeak ez al du merezi gu herritarrok horren enbaxadore bihurtzea? Zergatik ez hasi norberak bere auzoan, bere herrian, bere lantokian, … burujabetzaren alde ari garenon arteko lankidetza eta saretzea sustatzen? Norberak bere aldetik egiten dabilen lana elkarrekin plazara ateratzen? Zergatik ez hasi elkarrekin irudikatzen Euskal Herri libre eta burujabe bat eta horra heltzeko bidea?
Unea heldu da gure herriko enbaxadore bihurtzeko eta burujabetzaren aldeko ekimenak sustatzeko, burujabetza falta salatzeko hala behar denean, eta erabakitzeko tresnak eskuratzeko behar diren baldintzak eta elkarlana posible egiteko. Gure Esku dago eta guk egin ezean ez du inork egingo.
Zein da Gure Eskuren hurrengo urratsa burujabetzaren bidean aurrerapausoak emateko?
Gure Eskuko kideok urte honetan prozesu garrantzitsua egin dugu, Itsasargia izena jarri dioguna. Bidea argitzeko beharra sentitu genuen eta eztabaida-saioak antolatu genituen herrietan. Oso aberasgarriak izan ziren eta hemendik aurrera jarraitu beharreko pausuak findu ditugu bertan.
Ondorioztatu dugu hiru ardatzen inguruan egin behar dugula lan. Lehenik, erabakitzeko eskubidea da gure jomuga, Euskal Herriak etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea.
Bigarrenik, helburu hori lortu bitartean burujabetza esparruak geureganatzeko lan egin behar dugu, estrategiak, sareak eta aliantzak ehunduz. Eta horretarako, oso garrantzitsua da Euskal Herriko eremu administratibo desberdinen erritmo eta beharrei erantzutea, amesten dugun herri hori zazpi lurraldez osatutako herria baita.
Hori finkatuta, une honetan Gure Eskuren proposamen politikoa josten ari gara, Itsasargia prozesuan ateratako ondorioak lurreratzeko ekintza plana zehazten. Lan handia dugu aurretik, baina ilusioz aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu genuen apirilean Ficoban eta inoiz baino gehiago, lema hartzeko garaia dela!
Tourrari begirako ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, bilera irekia egingo dute ekainaren 15ean Algortan, Villamonte kultur etxean, 19:00etatik 20:30era.