Helduek bezala, ume eta nerabeek ere "nahasmen" edo zailtasunen bat izaten al dute eskolara itzultzean errutina berriari aurre egiteko?
Bai, adinez nagusi direnek bezala, gazte askok oporren osteko sindrome gisa ulertzen dena pairatzen dute ere. Bi hilabete eta erdiko oporren ondoren errutinara bueltatzea zaila izaten da haientzako, eta oso gomendagarria da egun batzuk lehenago egokitze-prozesuari ekitea eta prestatzen joatea. Komeni da pixkanaka ordutegiak arautzea eta nekea eragin diezaieketen jarduerak murriztea, adibidez, eta faktore psikologikoari dagokionez, elkarrizketa lasaiak izatea ikasturte berriari buruz dituzten kezkez hitz eginez.
Zer faktorek eragin dezakete antsietate edo estres hori sortzea?
Antsietatea edo estresa eragin dezaketen hainbat faktore daude. Lehenik eta behin, aurkituko dutenaren inguruko ziurgabetasuna: ikasturte berria erraza edo zaila izango den, irakasle berria nor izango den, gustura egongo den, ikaskide berriekiko harremana nolakoa izango den eta lagunak nola egongo ote diren; halaber, kezka sortzen du dena prest izateak, hala nola eskola-materiala eta arropa. Bestalde, askotan, gatazka irekiren batekin amaitzen dute ikasturtea, eta berriro horri aurre egiteak antsietate handia eragin diezaieke.
Zeintzuk dira sintoma nagusiak eta nola egin diezaiekegu aurre?
Sintoma nagusiak egonezina, jateko gogorik eza, suminkortasuna edo lo egin ezina izan ohi dira. Aurre egiteko onena da egoerari aurrea hartzea. Beren kezkei buruz hitz egitea eta gauzak erraztea, adibidez, beren material guztia eskuragarri izatea, ikaskideren batekin edo lagunekin harremanetan jartzeko aukera izatea, egun batzuk lehenago goizago oheratzeko eta esnatzeko ohitura izatea...
Zenbat urtegaz izaten dute horrelako arazoak izateko joera handiagoa?
Adin ohikoena Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik –kontzienteago izaten hasten direnean eta pentsamendu kritikoagoa dutenean– DBHko lehen mailaraino izaten da. Unibertsitatearen edo institutuaren lehenengo urtean ere ohikoa izaten da, aldaketak handiagoak direlako.
Zenbat denbora iraun ohi du errutina berrira egokitzeko aldi horrek?
Egokitzapen-aldiak, zorionez, egun pare bat iraun ohi du. Egun horiek asteburu batekin eten ohi dira, eta ikasturteko errutina berrian erabat murgiltzea errazten du.
Gurasoek oporren osteko sindromea deritzonean izaten duten antsietateak eraginik izan al dezake haien seme-alabengan? Hau da, kutsatze efektua egon daiteke?
Noski; izan ere, gurasoak oso urduri badaude, seme-alabei transmititzen diete sentsazio hori. Gure ardura da estrategiak ematea lasai egon daitezen eta udako etaparen eta errutina berriaren arteko joan-etorria errazteko. Prozesu honetan lagundu egin behar zaie ordutegiei mugak jarriz, ikasturterako beharrezkoa den materiala eman behar zaie gustuko irudiekin, zuzenean galdetu behar zaie zer egin dezakegun eramangarriagoa izan dadin. Halaber, eskolako lehen egunetan detaile bereziren bat izan dezakegu haiekin, hala nola bazkari berezi, jarduera edo dena delakoren bat.