Nortzuk zarete Pertxel, eta nondik zatozte?
Gu Enaitz eta Maddi gara eta urte hasieran sortu genuen Pertxel. Ikastolan ezagutu genuen elkar joan den urtean, eta gutxika-gutxika harremana estutzen hasi zen. Hasiera batean, taldea sortzen hasi ginen, baina ez zen ezer ez atera. Aldiz, orain bai. Momentura arte kontzertu gutxi batzuk eman ditugu: Sopelako Herriko tabernan, Lataskan eta Algortako maketa-lehiaketan.
Zeintzuk dira zuen influentzia musikalak?
Berez ez dugu inoiz talde baten erreferentziarik izan. Abestiak sortzeko orduan, gustukoak ditugun taldeak bezala egiten saiatzen gara; euskal musikaren estruktura orokorra jarraituz, beti ere gure esentzia garatuz eta nabarmenean utziz.
Hain gazteak izanda, zelan ikusten duzue Euskal Herriko musika-eszena?
Azkenaldian nabariak izaten ari dira musika-talde gazteak. Gainera, erregistro ezberdinekoak dira eta horrek aukera sorta berriak eskaintzen dizkio euskal musikari. Berez, euskaraz diren abestiak sortu ditugu orain arte eta berdin jarraituko dugu, euskarak guretzako duen garrantzia plazaratu nahi dugulako; euskara ezagutarazteko aukera aparta izan daiteke musika.
Gaur egun beste mota bateko musika eta giroa modan egonda, nondik etorri zaizue kantautore formatuko talde bat sortzearen ideia?
Egia da gaur egun entzuten den musika nahiko ezberdina dela gure musikarekin alderatuta, baina gure baldintzak zeintzuk diren badakigu. Azken finean, gu musikariak gara eta jotzen dakizkigun instrumentuekin sortzen dugu gure musika. Oso zaila egingo zitzaigun, adibidez, saxofoi edota gitarra akustiko bat guk erabiltzen ez dugun erritmo batean sartzea.
Zelan ikusten duzue musika zuzenean jotzeko dauden aukerak?
Musika zuzenean jotzeko dauden aukerak nahikoak dira. Nabariena tabernak direla esango genuke, baina ez da hain erraza tabernekin harremanetan jartzea. Beste aukera batzuk bilatzen ere saiatzen gara. Adibidez, uste dugu maketa-lehiaketak oso aukera onak direla agertoki batera lehenengo aldiz igotzeko.
Ildo horretan, Algortako jai-batzordeak antolatutako maketa-lehiaketan izan zineten. Zelakoa izan zen esperientzia?
Lagun batek komentatu zigun maketa-lehiaketan parte hartu genezakeela. Esan zigunean, ez genituen abestirik prestatuta. Batxilergoko bigarren mailan gaude eta entseatzeko denbora oso murriztua da. Ordea, saiatu ginen. Enaitzen anaia deitu genuen letrak idazteko, eta pare bat astetan hiru abestiak ateratzea lortu genuen. Oso esperientzia polita izan zen. Beste taldekide batzuekin momentu politak pasatu ditugu eta oso giro ona egotea lortu da.
Epe laburrera, zer?
Bertsioak egiteaz gain, momentuz hiru abesti original bakarrik ditugu, baina lanean gabiltza gehiago ateratzeko. Kopuru handiago bat dugunean, horiek grabatzeko eta argitaratzeko asmoa dugu. Horrez gain, kontzertu batzuk itxita ditugu jada.