Eskualdeko argazkilaritzari buruzko aldizkari digital berria eta doakoa sortuko du UK Foto elkarteak

Nahia Martinez Gondra 2023ko ira. 22a, 10:12

Cerezo, Bourdoiseau eta Moreno UK Fotoko elkarteko kideak.

Egun Uribe Kostako 63 argazkizale biltzen dituen UK Foto elkarteak, proiektu berri bat du esku artean: argazkigintzari buruzko doako aldizkari digital bat sortzea. Elkarteko presidente den Ander Moreno del Campok azaldu bezala, helburua da argazkigintza gure eskualdean zabaltzea: "Ahotsa eman gura diegu tokiko argazkilariei, baita gurean ditugun herriko saltokiei ere". Hala, lehenengo alea abendua inguruan argitaratzea aurreikusi dute. 

Aldizkari berriak UK FOTO izena izango du, elkarteak bezala. Elkarteko presidente Ander Moreno del Campok adierazi du proiektu berri honen ideia bazkide batek proposatu zuela: "SYMART izeneko argazki-aldizkari digital bateko kidea da. Hortik atera zen proiektuaren ernamuina, eta pixkanaka-pixkanaka bazkide gehiagok eman dute izena".

Hala, 30 bat orrialdeko aldizkari digital bat sortzea pentsatu dute. "Elebiduna izatea da egokiena, baina oraindino ez dugu euskarara itzultzeko laguntzarik aurkitu, horretan ari gara lanean. Lehen zenbakia abendua inguruan izango litzatekeenez, oraindino denbora daukagu", azaldu du Campok.

Aldizkariko edukiari dagokionez, asmoa da eskualdeko argazkilariei egindako elkarrizketak argitaratzea, baita tokiko merkataritza zabaltzeko artikuluak jorratzea ere. "Horrez gain, beste atal batzuk ere izango dira, hala nola argazkiak ateratzeko lekuen gomendioak edota argazkigintzako atal teknikoak. Era berean, elkarteak hilabete horietan egindako jarduerak azaltzen dituen beste atal bat ere egongo da", zehaztu du presidenteak.

Halaber, antolatzaileen asmoa da hiru hiletik behin ale bat argitaratzea, beraz, urtean 4 zenbaki atera gura dituzte. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun