Peio Gonzalez eta Gadea Moja Skate Parkeko Munduko Txapelketako final-laurdenetan geratu dira

Ander Zarraga 2023ko urr. 9a, 12:13

Gadea Moja getxoztarrak saio ona egin zuen final-laurdenetan, baina ez zen nahikoa izan txandaz pasatzeko. © BASQUE TEAM

Naia Laso bermeotarrak bosgarren bukatu zuen aurreko astean Ostia-Erroman jokatu zen Park modalitateko Skateko Munduko Txapelketan. Aldiz, Basque Teamegaz lehiatzera joan diren Peio Gonzalez sopeloztarra eta Gadea Moja getxoztarra final-laurdenetan geratu ziren eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak ezin izan zuen sailkapen-fasea gainditu.

Eguaztenean, urriaren 4an, hasi zen txapelketan Gonzalezek sailkapen-fasea gainditu eta final-laurdenetan sartzea lortu zuen. Horretan, skater bakoitzak 45 segundoko hiru saiakera egin behar izan zituen eta puntuaziorik onena zuena hartzen zen kontuan.

Hurrengo egunean, urriaren 5ean, nesken sailkapen-fasea egin zuten eta Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak aritu ziren horretan. Zabalburuk bi eroriko izan zituen lehen saioan, eta bigarrenean bere jarduna hobetu bazuen ere, oreka galdu zuen. Lehen saiakera 17.10eko puntuazioagaz baloratu zuten epaileek, eta bigarrena 38.82koagaz. Getxoko riderra 55. postuan bukatu zuen, beraz, ez zuen lehiaketan jarraitzeko aukerarik izan.

Bere aldetik, Moja lehen 45 segundoetan erori bazen ere, bikain aritu zen bere bigarren saiakeran. Bere lehenengo txandan 50.73ko puntuazioa lortu zuen eta bigarrenean 76.10ekoa. Bigarren emaitza horri esker sailkapenaren gorengo tokian jartzea lortu zuen. Hirugarren txandako skaterren parte-hartzeagaz lidergoa galdu arren, zortzigarren postuan bukatu zuen sailkapen-fasea eta final-laurdenetara pasatzea lortu zuen.

Final-laurdenak

Bariku goizean, urriaren 6an, mutilen final-laurdenetan sopeloztarrak oso emanaldi ona egin arren, ez zuen final-erdietarako pasea lortu. Hala ere, Gonzalezek heldutasuna erakutsi zuen txapelketan eta sailkapen orokorrean 7.522 puntu oso baliotsu pilatu zituen hurrengo mozketa pasatu eta Paris 2024ko Olinpiar Jokoetarako borrokan jarraitzeko.

Basque Teameko bekaduna finalerdietatik oso gertu geratu zen bigarren txandan. Hurrengo kanporaketara 16 onenak pasatzen ziren eta berak 19. postuan bukatu zuen. Lehen eta bigarren saiakeretan, jasandako erorikoengatik zigortu zuten, 21.66 eta 55.78ko puntuazioagaz. Hala ere, lasai egoteko gai izan zen eta bere azken aukeran puntuatu behar izateak suposatzen zuen presioa gainditzen ahalegindu zen. Hirugarren saiakera onena izan zen, eta 73.14 puntu eman zizkioten arren ez zen nahiko izan hurrengo fasera pasatzeko. 

Arratsaldean, nesken txanda izan zen eta Moja hirugarren saioan izan zen. 75.63, 26.89 eta 75.78ko puntuazioakaz baloratu zituzten bere erakustaldiak, baina getxoztarra hogeigarren postuan amaitu zuen, beraz, ez zen nahiko izan finalerdietara igarotzeko. Hala ere, eta 6.770 puntu eskuratu ditu rankingerako.

Aldiz, Naia Laso skater bermeotarrak bosgarren postuan bukatu zuen Skate Parkeko Munduko Txapelketa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun