Elkarrizketak

Felix Larrondo Aresti: "Bizkaian, euskal munduko abadeen bokazioa galduta dago"

Ander Zarraga 2023ko urr. 13a, 09:00

Felix Larrondo Txorierriko udalerrietako abadea da, tartean. Erandiogoikoko Andra Mari elizakoa.

Erandiogoikoko abadea eta eskualdeko bikarioa da Felix Larrondo. Dioenez, Elizbarrutia udalerrietan eragile aktiboa izaten jarraitzeko ahaleginetan ari da.

Erandiogoikoan jaioa, Berangon bizi da gaur egun Felix Larrondo abadea. Aurten, hirugarrenez izendatu dute Bizkaiko Elizbarrutiko seigarren bikariotzako lurralde-bikario, eta bere lanaz galdetuta, berak honela laburbildu du: "Bost urtetik behin berritzen den kargua da, eta, Elizbarrutiko proiektuak eskualdean aurrera eramateaz gain, hemen bizi duguna gotzaindegira eroatea da nire ardura; hemen egiten dena koordinatzea eta jendea mugiaraztea, hain zuzen".

Larrondok Txorierriko udalerrietako elizetan egiten ditu bere abade-lanak, tartean Erandiogoikoko Andra Mari elizan. Azaldu duenez, oso gustura sentitzen da bertan: "Jendeak ezagutzen nau eta hartu-eman ona daukagu".

Deitoratu du gaur egun Elizak arazoak dituela gazteakaz konektatzeko eta abadeen eta boluntario laikoen belaunaldi-erreleboa bermatzeko: "Gero eta abade gutxiago gaude, eta gehienok zaharrak gara. Ospakizunetarako laikoen laguntza dugu, eta ezkontzak eta hileta-elizkizunak bezalakoak guk egiten ditugu. Momentuz, konpontzen gara, baina, agian, etorkizunean planteatu beharko da ezin ditugula ospakizunak egunero egin". Gaineratu du abadetzen direnak hirigunetik datozela gehienbat, beraz, herri txiki eta inguru euskaldunetako abadeak lortzea da gehien kostatzen zaiena; izan ere, eskualdearen arabera, ospakizunak eta katekesia bezalakoak gazteleraz edo euskaraz egiteko eskatzen diete, "Getxon edo Erandion ospakizunak gazteleraz egiten ditugu, baina Txorierrin edo Mungialdean bizkaieraz, edo batuan ere egiteko eskatzen digute".

Arazoak arazo, Larrondok adierazi du Elizbarrutia berritzeko eta belaunaldi berriak erakartzeko ahaleginetan dabilela. Gainera, udalerrietan eragile aktiboa izaten jarraitu gura duela eta hainbat urtez emakumeek egindako lana ere aitortzen hasi direla ere azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun