Gazako sarraskia geldiarazteko mobilizazioak egingo dituzte martitzenean Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 6a, 15:10

Palestinaren aldeko mobilizazio jendetsua egin zuten urrian Algortan.

Palestinako egoera gero eta larriagoa izanik, Gernika-Palestina iniziatibak mobilizazioak deitu ditu biharko, martitzenerako, Euskal Herriko udalerri "guztietan". Besteak beste, gurean, kalera aterako dira goizean, hezkuntza zentroetan eta lantegietan, eta arrastian, 19:00etan, udaletxeen aurrean eta tokian tokiko plazetan.

Su-etena, korridore humanitario seguruak, irtenbide negoziatua eta Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatzea aldarrikatu ditu Gernika-Palestina eta, "Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna!" lelopean, mobilizazioak iragarri ditu biharko, martitzenerako, herriz herri.

Zehazki, azaroaren 7a aukeratu dute protesta egiteko egun horretan beteko baita hilabetea indarkeriak gogor gora egin zuenetik Palestinan. Hala, goiz eta eguerdian, mobilizazioak egingo dituzte hezkuntza zentro eta lantokietan eta, 19:00etan, berriz, udaletxeen aurrean. “Berehalako su-etena, eraso guztien amaiera, zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea, laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea eta Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin amaitzea” exijituko dituzte elkarretaratzeotan.

Era berean, palestinarrek eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu eta konponbide “baketsu eta negoziatua bilatzeko” dei egingo dute, “nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearaztean oinarritutako konponbidea”, hain zuzen ere. Hori lortzeko elkarrizketa prozesua hastea ezinbestekoa dela uste dute.

Mobilizazioak eskualdean

Ikastetxe eta lantokiak

  • EHUko campusa, 13:30ean, Mikel Laboa plazan.
  • Ategorri BHI institutua.
  • Betiko ikastola.
  • Ander Deuna ikastola.
  • Getxo 1 BHI institutua.
  • Aixerrota BHI institutua.
  • San Nikolas ikastola, 16:30ean.
  • Uribe Kosta BHI institutua.

Arrastian

  • Barrika, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Erandio, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Leioa, 19:00etan Bulebarrean.
  • Itzubaltzeta/Romo, 19:00etan Santa Eugenia plazan.
  • Algorta, 19:00etan Telletxe plazan.
  • Berango, 19:00etan Gudarien enparantzan.
  • Urduliz, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Sopela, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Gorliz, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Plentzia, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
  • Lemoiz, 19:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun