Elkarrizketak

Rosa Temiño Perez: "Herri palestinarraren aurkako genozidioa egiten ari da Israel Gazan"

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 20a, 16:36

Rosa Temiño Perez Palestinaren alde Algortan egindako manifestazioan.

Herri palestinarrak 75 urte daramatza okupatuta eta Israelen erasoaldiak pairatzen. Azken egunetan, gainera, jazarpen horiek indartu egin dira, eta Gazan kokatu da nazioarteko komunikabideen agenda mediatikoa. Hala, Getxoko Biladi palestinar elkarteko kidea den Rosa Temiño Perezegaz hitz egiteko aukera izan dugu, herri palestinarraren egungo egoeraren inguruan mintzatzeko eta komunikabideek aferari ematen ari dioten tratamenduaz hausnartzeko.

Azken asteotan herri palestinarra inoiz baino eraso bortitzagoak sufritzen ari da. Zer berri iristen ari zaizkizue Gazatik? Nola sentitzen zarete?

Iristen ari zaizkigun albisteak harremanetan gauden Zisjordaniako pertsonek helarazten dizkigutenak dira. Gazan, zehazki, ez dugu harremanetarako bitartekorik. Hala ere, gertatzen ari denari buruzko estaldura zehatzagoa ematen digute bertatik. Adibidez, pasa den astean komunikabideetan agertu zen Gazako lagunei abisua eman zietela norabide batetik edota bestetik ihes egiteko. Aitzitik, katean ateratzen zirenean, bonbardatu egiten zituzten. Hemen, albisteetan, ez dut sentitzen errealitate hori azpimarratzen dutenik.

Oso egoera gogorra da Gazakoa. Herri palestinarraren aurka egiten ari diren genozidioa da. Gogoratu behar da Gaza aire zabaleko kartzela dela, ia bi milioi pertsona dituena. Guztiz itxita dago, eta bi irteera posible baino ez daude: Israelgo muga eta Egiptoko muga. Israelek esan du ez dituela inondik inora ere mugak irekiko. Eta Egiptok, momentuz, ez ditu ireki orain arte. Atzo, mugak irekiko zituela esan zuten kamioi-kopuru jakin bat pasatzeko, baina Nazio Batuen Erakundeak dio laguntza humanitario hori ez dela nahikoa.

Zer uste duzue egoerak  nazioartean gaur egun duen eragin mediatikoari buruz? 75 urteko okupazioaren ondoren inflexio-puntu baten aurrean gaudela uste duzue?

Horretan oso ezkorra naiz. Esan duzun bezala, duela 75 urte okupatu gintuzten: Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen ebazpen batean oinarrituta sortu zen Israelgo Estatua. Israelek ez ditu bete Nazio Batuen 26 ebazpen eta ez du bere jarrera aldatuko. Halaber, AEBek laguntza osoa emango diote, eta Europako Komunitate Ekonomikoa ere Israelen alde dago. Palestinako herriarentzat ez da hobekuntzarik egongo: Gazan eta Zisjordanian okupazioak jarraituko du.

Hortaz, hau ez da inflexio-puntu bat, izan ere, komunikabideetan dagoen bitartean iraungo du. Behin erretiratzen denean, ahaztu egiten da. Palestinarren heriotza egunero gertatzen da, baina ez da albistea. Israel kaltetua denean bakarrik da notizia. Izan ere, hemen, defentsa osoa eta erabatekoa Israelentzat da, egiten duena egiten duela. Ez da aldatuko Palestinako herriaren egoera AEBei oso ongi datorkielako Israel, izan ere, eremu osoa kontrolatzen du beraren bitartez. Nire ustez AEBek duten base militar handiena da. Are gehiago, 75 urtetan Israelek ebazpen bat ere bete ez badu, orain ez da aldaketarik gertatuko.

Uste duzu komunikabideak egoera behar bezala tratatzen ari direla?

Ez. Nik neuk erabaki dut ez dudala albisterik ikusi nahi, nazkatuta bainago egoeraz nola hitz egiten duten ikusteaz. Palestinar batek ez du Israelgo edota beste edozein nazionalitatetako herritarrek duen balio bera nazioarteko komunitatearentzat, ezta komunikabideentzat ere.

Ukrainaren egoeragaz ikusi dugu: Ukrainak bere burua defendatu du Errusiak okupatu duelako, eta horretan nazioarteak Ukrainari lagundu dio. Zergatik ez zaio herri palestinarrari laguntzen, nazioarteko lege guztiak bere alde baditu eta Israelek ez baditu bat ere betetzen? Zergatik komunikabide guztiek, baita nazioarteko komunitateak ere, eman diote babes osoa Ukrainari eta ez dituzte neurri berak hartzen Palestinagaz? Ukrainako jendeak bere burua defendatzeko eskubidea du eta heroiak dira, aldiz, herri palestinarra defendatzen denean terrorista deitzen zaio.Terrorismoa da herrialde bat legez kanpo 75 urtez okupatzea, terrorista da Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzen ez dituena. Herri palestinarrak ere eskubide osoa du bere burua defendatzeko.

Zein uste duzue dela irtenbidea Palestinaren egungo egoerarentzako?

Okupazioagaz bukatzea eta Israelek Nazio Batuen ebazpenak betetzea. Ez dago besterik. Herri palestinarraren arazoa Europaren arazoa da, haiek sortu zuten, eta hori konpondu nahiko balu, egin lezake. Halaber, asko lagunduko luke arabiar munduan guztiak ados jartzea herri palestinarrari babesa emateko.

Gure aldetik, Biladi palestinar elkartea harremanetan dago egoera honen aurka agertzen ari diren gizarte-eragile guztiakaz. Gaur bertan manifestazioa dago Bilbon arrastiko 19:00etan. Beraz, atera gaitezen kalera eta protesta egin dezagun palestinar herriaren askapenaren alde.

Erlazionatuak

"Gure izenean ez! Palestina askatu"

Iker Torre · Iker Rincon Moreno 2023 urr 18 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun