Palestinar herriarekiko elkartasun-uholdea egin dute Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 8a, 10:26

Gernika-Palestina herri-mugimenduak egindako deialdiari erantzunez, hamaika elkarretaratze egin zituzten atzo, martitzenean, Uribe Kostan. Euskal Herriko 107 herrik bat egin zuten palestinarren aldeko mobilizazioakaz, tartean Uribe Kostako herri guztiek. Elkarretaratzeak 19:00etan egin zituzten, udaletxeen aurrean edota herriko plazetan, eta goizean ikastetxe eta lantokietan egin zuten protesta.

Ehunaka pertsona batu dira Uribe Kostan, herriz herri, ikastetxez ikastetxe eta lantokiz lantoki, Israelek Palestinan egiten ari den sarraskia salatzeko. Urriaren 7tik batutako datuen arabera, Armada israeldarrak 10.000 zibil inguru hil ditu, tartean 4.000 haur baino gehiago, eta gatazkak 24.000 zauritu eta 1,5 milioi desplazatu inguru utzi ditu.

"Nazioarteko komunitatea gerraren eskalada logika batean oinarritzen den bitartean, eta Israelek su-etenerako deiak gutxiesten dituen bitartean, gizarte zibiletik elkartasuna zabaltzen ari da mundu osoan", azpimarratu dute elkarretaratzeen deitzaileek.

Uribe Kostan, askotariko protestak egin dituzte. Erandion, berbarako, 90 pertsona batu ziren udaletxearen aurrean Gazaren kontrako sarraskia geldiaraztea eskatzeko; Leioan, Boulevardean, 40 pertsona elkartu ziren; Getxon, 200 lagun Algortako Telletxe plazan eta 40 Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan; Berangon, 70 lagun inguru elkartu ziren; Sopelan, 30; Urdulizen, 10; Plentzian, 65; Gorlizen, 50; eta Barrikan, 30. Lemoizen ere elkarretaratzea egiteko deialdia egin zuten.

Udalerrietako mobilizazioez gainera, ikastetxeetan eta EHUko campusean protestak egin zituzten, hala nola San Nikolas eta Betiko ikastoletan eta Aixerrota eta Getxo 1 BHI institutuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun