Azaroak 25

Emakume nagusiak hitzaren bitartez ahalduntzen

Ander Zarraga 2023ko aza. 24a, 09:00

Beste askoren artean, EDE Fundazioak Getxon egiten ditu tailerrak.

Errespetu- eta konfiantza-gune bat sortzeko asmoz, EDE-Suspergintzak adineko emakumeei ahotsa eman eta horiek ahalduntzeko Adineko emakumeok badugu zer esan izeneko tailerrak ematen ditu.

Duela gutxira arte, adineko emakumeek jasandako indarkeria ikusezina izan da, beraien kasuan, generoaren eta adinaren arteko elkarguneari erreparatu behar baitzaio. Emakume horien aurkako diskriminazioak eta indarkeriak forma, esanahi eta ondorio desberdinak dituzte, gainerako emakumeentzat ez bezala. Gainera, adineko emakume askori kosta egiten zaie indarkeriaren biktimak direla aitortzea, gizarte patriarkal batean heziak izan direlako. Sistema horrek normalizatu eta legalizatu egiten zuen emakumearen rola emazte, ama eta zaintzaile figuren barnean, eta eremu pribatura baztertzen zituen.

Tailerrak. Emakume horiek naturalizatu egin dituzte genero-rolak, ezkontzaren banaezintasunaren sinesmena, baita etxean gertatzen den guztiak eremu pribatuan jarraitu behar duenaren ideia ere. Aldaketarekiko erresistentziak, mendekotasun ekonomikoak eta bakardadearekiko beldurrak, ikasitako babesgabetasun-sentimendua sortzen die.

Carolina Carazo EDE Fundazioa-Suspergintza Intervención Social enpresako langilea da, eta beste lankide batzuekaz batera, adineko emakumeen aurkako indarkeria detektatzeko, sentsibilizatzeko eta prebenitzeko gune izan gura duten Adineko emakumeok badugu zer esan tailerrak egiten ditu. Horien bitartez, 65 urtetik gorako emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa bilatzen dute, haiek epaitu gabe entzunak eta ulertuak izan daitezen, ikaskuntza kolektiboa eta sororitatea erraztuz.

EAEko biztanleriaren % 13a 65 urtetik gorako emakumeak direla adierazi du, baina horiek ikusezin bihurtzeko joera dago, "edadismoagatik" eta gaztetasun- eta edertasun-estereotipo sozialei ez erantzuteagatik. Adineko emakumeek bizi-itxaropen handiagoa dute gizonek baino, baina baldintza okerragoak dituzte beraien generoagaz zuzenean lotutako aldagaiak direla eta.

"Programa adineko emakumeei ez ezik, haiekaz lan egiten duten profesionalei eta boluntarioei ere zuzenduta dago". Carolina Carazo, EDE Fundazioa-Suspergintza Intervención Social enpresako langilea

Carazok nabarmendu du orain arte oso gutxi artatzen zen gaia zela, "nahiz eta gerontologia eta erakundeak gero eta azterketa gehiago egin, oraindino bide luzea dago indarkeria matxistaren biktima diren adineko emakumeei arreta espezifikoa emateko".

Carazok nabarmendu du indarkeria matxista jasan duen emakume bakoitzak bere erara bizi izan duela, eta feminismoaren ideia aipatu ere egiten ez zenean, emakume askok beren ahalduntze-bide propioa egin zutela. "Zer erakutsiko diot nik lan egin eta seme-alabak eta bilobak hazi dituen 90 urteko emakume bati? Gu horretaz jabetu daitezen saiatzen gara, beren ingurunean ere eragina izan dezaten", azaldu du. Programaren helburua da emakume horien begirada zabaltzea, haien egoeraz gehiago jabetzea eta erabakiak askatasunez hartu ahal izatea, interesak eta motibazioak berraurkitzea, mugak jartzen ikastea eta beren bizi-plana sortzea, norberaren zaintzatik eta ongizatetik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun