"Denon bizitzak erdigunean" goiburupean, Hego Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorra deitu du azaroaren 30erako, eguenerako, gehiengo sindikalagaz batera (ELA, LAB, Steilas, ESK, Ehne, Etxalde, Hiru eta CGT), zaintza eskubide kolektiboak aldarrikatzeko.
Zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra plazaratu gura dute mobilizazio horregaz, oraingo zaintza sistema eraldatuz. Horretarako, besteak beste, "Herri akordioa" plazaratu dute, epe labur zein luzerako hainbat aldarri batzen dituena:
- Zaintza zerbitzuen pribatizazioakaz amaitzea.
- Zaintza sektoreko langileen baldintzak hobetzea.
- Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri egotea eta atzerritartasun legea bertan behera uztea.
- Denontzako pentsio duinak bermatzea.
- Langile egoiliarren erregimena deuseztatzea eta horretan diharduten beharginen baldintzak hobetzea.
- Etxebizitza eskubidea bermatzea.
- Agroekologia babestu eta sustatzea.