Makinei euskara irakasteko kanpaina da Gaitu, mundu digitaletik kanpo gera ez gaitezen

Ander Zarraga 2023ko abe. 2a, 09:00

Abenduaren 3ra bitartean, eskualdeko hainbat udalerritan grabazioak egingo dituzte, tartean, Barrikan, Erandion edo Lemoizen.

Makinek euskara erabil eta uler dezatela gura badugu, lehendabizi erakutsi beharko diegu. Hori da hain zuzen Gaitu kanpainaren xedea: milaka ahots batzea makinek ere euskara ikas dezaten.

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunera bitartean, Gaitu adimen artifizialari euskara irakasteko kanpaina abiatu dute. Horren atzean daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskaltzaleen Topagunea eta Euskararen Erakunde Publikoa. Egitasmo horren helburua sinplea da: Common Voice software librearen bitartez milaka euskaldunen ahotsak jasotzea, daborduko mugikorrean, GPSan, etxean edo dena delakoan erabiltzen ditugun gailuetan euskara erabiltzeko aukera izateko.

Zeregin horretan ere murgilduta dago Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzeko lantalde irekia. Azpimarratu dute helburuak lortze aldera, software askeak erabiltzea beharrezkoa dela, "libreak ez diren adimen artifizialek "ez dituztelako erabiltzaileak errespetatzen" eta horiek kontrolatzen dituzten enpresentzat euskara ez delako "merkatu interesgarria", beraz, "baztertu egiten gaituzte eta erdarara jotzera behartu".

Azaldu dute Gaitu kanpainaren bitartez bilatzen dena dela Common Voice software librea erabiliz adimen artifizialak euskara modu egokian uler dezan behar adina datu jasotzea. "Ikasketa automatikoko algoritmoek datu asko behar dituzte eta jai dugu euskarazko datu pila hori batzera animatuko diren ekimen pribatuen zain geratzen bagara. Batu gaitezen euskaldun hiztun ahalik eta gehien eta sor dezagun ahots banku orekatu bat", dei egin dute Librezaleko kideek.

Adierazi dutenez, daborduko ikasketa prozesu hori martxan dago: "Mozillak bere hizketaren ezagutzaile librea sortuko du eta euskara ulertzen duen Coqui liburutegi librea prest dago nahi duenak berarekin produktu eta zerbitzu berriak sortzeko". Hala ere, makinek euskara modu egokian uler eta erabil dezaten, sistema bi horiek erabiltzen duten Common Voice elikatzen jarraitu beharra dago. Gainera, ahots biltegi horiek libreak direnez, edonork erabil ditzake eta egitasmoaren arrakastak, "oraindik euskaraz eskuragarri ez dauden beste gailu eta zerbitzu batzuk ere goizago ala beranduago euskara ere ulertzera animatzea ekar dezake".

Zeregin horretan parte hartzeko, gaitu.eus atarian mikrofonoa duen gailu bategaz sartu besterik ez dago. Hasteko, "eman zure ahotsa" dioen botoia sakatu eta banan-banan azalduko diren esaldiak ahots goran irakurri beharko dira. Grabaketak zuzenean gordeko dira Common Voice webgunean eta erabilgarri egongo dira. Horrez gain, beste batzuen grabaketak balioztatzeko aukera ere badago, beste norbaitek esandakoa ondo grabatu duen ala ez esateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun