Sindikatuek positiboki baloratu dute Bizkaiko kiroldegietako langileen lanuzteen jarraipena

Ander Zarraga 2023ko abe. 14a, 10:28

Besteak beste, Sopelako kiroldegiko beharginek ere parte hartu dute lanuzteetan. © ELA SINDIKATUA

Astelehenean eta martitzenean Bizkaiko kiroldegien eta zelaien sektoreko beharginek lanuzte partzialak egin zituzten goizez zein arratsaldez. Sindikatuak pozik azaldu dira deialdiaren jarraipenagaz, eta % 80 eta 90 bitartekoa izan dela azpimarratu baitute.

Bizkaiko kiroldegietako langileek pairatzen duten "prekarietatea" salatzeko greba deitu zuten ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. Getxo, Sopela edo Leioako kiroldegietan lanuzte partzialak egin dituzte astelehenean eta martitzenean, eta ELAtik horien "oso balorazio positiboa" egin dute, "jarraipena zabala egin dela esan dezakegulako". 

Mobilizazio horien bitartez, Bizkaiko kirolerako lokaletako eta zelaietako langileek lan-hitzarmena aldatzea eskatzen dute: 35 orduko lanaldia, soldatak KPIaren gainetik igotzea, eskolak eta ikastaroak prestatzeko orduak libratzea, ikasgeletako ikasle- eta erabiltzaile-ratioa murriztea, bataz beste 1.200 euroko soldatak eta 50 minutuko eskola-orduak 60 minutukoen gisa kontutan hartzea.

Sindikatuek azaldu dutenez, urriaren 21ean Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioagaz egin zuten azken bileratik ez da aurrerapausorik eman, eta ez dute aurreikusten negoziazio-mahaia berriz ere elkartzea. Deitoratu dute Cebekek ez duela "negoziatzeko borondaterik", nahiz eta sindikatuek gatazkari konponbidea bilatzeko konponbidea bilatzeko prest egon. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun