Mankomunitateko iturriek jakinarazi dute etxeko animaliarik solte edo galduta aurkituz gero, kasuan kasuko udalerriko udaltzaingoari, edo, horrelakorik ez badago, udalari; eta lan-ordutegitik kanpo, Ertzaintzari abisua emateko eskatu dute. Azaldu dutenez, abisua jasotakoan, Udaltzaingoa edo Ertzaintza harremanetan jarriko da Mankomunitatearen zerbitzua kudeatzenduen bilketa enpresagaz, eta animalia identifikatuta ez badago, eta jabea ezin badute aurkitu edo ezin bada beragaz harremanetan jarri, enpresa esleipendunak Sopelan dituen instalazioetara eramango luke animalia.
Era berean, Mankomunitateko arduradunek jakinarazpena baliatu dute gogoratzeko nahitaezkoa dela etxeko txakur eta katu guztiak mikrotxipagaz identifikatuta egotea eta indarrean dagoen AIEOn alta emanda egotea. Horrela, animaliaren bat galduz gero, errazagoa da animalia identifikatu eta berreskuratzea.
Era berean, jakinarazi dute etxeko katu guztiek sei hilabete eduki baino lehenago eta PPT txakurrek 12 hilabete eduki baino lehenago esterilizatuta egon behar dutela.
Amaitzeko, gogora ekarri dute baita eskualdeko udalerrietan badirela adopzioaren zain dauden hainbat txakur eta katu; horiei buruzko informazioa lotura honetan kontsulta daiteke: www.lacasadelperro.es