Barik txartelagaz eta bonuakaz egiten diren bidaietan % 50eko deskontua aplikatzeko prozedura hasi du BGPk

Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 15:05

Atzo iragarri bezala, garraio publikoko bidaien tarifei % 50eko hobaria aplikatzeko prozedurari hasiera ematea onartu du gaur Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP). Neurriak urtebete iraungo du, otsailaren bigarren hamabostalditik aurrera, eta deskontua aplikatuko da aldi baterako bonuakaz eta Barik txartelagaz Bizkaibusen eta Bilboko metroan ordaindutako bidaietan.

BGPko arduradunek azaldu dutenaren arabera, neurria "aplikatu beharreko ordenamendu juridikoan ezarritako administrazio-izapideak beteko direnean" ezarriko da, hau da, gaurtik hasita 30 egun baliodunen ostean, horixe baita herritarrek alegazioak aurkezteko epea.

Behin alegazioak ebatzi ondoren, otsailaren bigarren hamabostaldian, BGPk "berehala" aplikatuko ditu deskontuak urtebetez, neurri hori indarrean jartzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Deskontuak BGPk araututako prezio guztietan aplikatuko dira, Bidai eta Gazte aldi baterako bonuetan (garraio-operadorea edozein dela ere) eta metroko 1, 2 eta 3 lineen Barik txarteleko Creditrans eta Gizatrans tarifetan ere. 

Oraingo % 50eko deskontua indarrean dago urtarrilaren 13ra arte, eta hortik aurrera bonuetan % 20ko deskontua aplikatzea onartu zuen BGPk abenduaren 26an egindako bileran. Hala, pertsonalizatu gabeko Barik txartelen bidez ordaindutako joan-etorrietan % 100 ordaindu behar izango da urtarrilaren 14tik neurri berria indarrean sartu bitartean.

Abenduaren 26ko bilera hartan erabakitakoak ezinegona eragin zuen gizartearen alor askotan, krisialdiari aurre egiteko eta familia zaurgarrienei laguntzeko neurria bertan behera gelditzear zegoelakoan. Hori horrela, besteak beste, hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologistak mobilizazioak egin dituzte egunotan Bilbon, "Garraio publikoaren garestitzeari ez!" lelopean, eta gaur, eguenean, berriro ere batu dira erabakia atzera bota izana ospatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun