23. Korrika

Martxoaren 21eko goizaldean iritsiko da Korrika Uribe Kostara

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 11a, 12:00

Lemoizko Andraka auzotik sartuko da 2024ko Korrika Uribe Kostara, martxoaren 21ean, goizeko 05:24ak aldera. Hortik aurrera, Gorlizerako bidea hartuko du eta, eskualdea alderik alde zeharkatu ostean, Erandiogoikotik utziko gaitu, dena ondo bidean, 09:51ak pasata.

Ibilbidea Uribe Kostan

Korrika aplikazioa

Aurtengo nobedadeen artean, Korrika app-a da aipagarriena; aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakutsiko dira bertan.

Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edo/eta kilometro.

Amaitzeko, aplikazioak aukera emango du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko —orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea...—. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun