Elkarrizketak

Sare Uribe Kosta: "Euskal presoei legedi arrunta aplikatuko balitzaie, denak edo ia denak kalean edota kalea zapaltzen egon beharko lukete"

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 10a, 12:38

Uribe Kostako Sare taldea eskualdeko hainbat herritarrez osatutako sarea da.

Urtero legez, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio nazional jendetsua deitu du Sarek urtarrilerako. Aurtengo hitzordua zapatuan izango da, hilaren 13an, 16:00etan, La Casillatik abiatuta. Sare Uribe Kostak gogoratu duenez, 2024 honetako manifestazioa berezia izango da, sakabanaketa eta urrunketa gainditu osteko lehenengoa izango delako. Hala ere, azpimarratu du oraindino salbuespen egoerari amaiera eman behar zaiola, eta horretarako "giltza" herritarrek dutela. Hala, zapatuan mobilizatzeko deia egin du uribekostarren sareak.

Dispertsio politikari amaiera eman zion Espainiako Gobernuak 2023ko martxoan. Zelan eragin du politika-aldaketa horrek inguruko presoen artean?

Zalantzarik gabe, orokorrean eragin positiboa izan du sakabanaketa, urruntze eta isolamenduarekin amaitzeak. Presoak Euskal Herrian egoteak, urrunketak zekarren deserrotzea leundu eta herriarekiko lotura sendotzea ekarri die presoei. Hortaz gain, jada ez dago euskal presorik isolamendu erregimenean. Erregimen hori, euskal preso askori aplikatu zaien erregimen penitentziariorik zorrotzenetarikoa izan da: egunean 20 ordu baino gehiago ziegan, gainontzeko presoekin kontakturik ez, patio ilun eta txikian, material pertsonal oso-oso mugatua edukitzeko eskubidea… eta horrek osasunean dakartzan ondorio latzak kontuan hartuta. Senide eta lagunei berriz, aipatu beharrik ez dago horrek ekarri dien bizi baldintzen hobetzea. Atzean geratu dira asteburuetako bidai luze eta amaigabeak, horrek dakartzan gastu ekonomikoak, istripuak, estresa… Hori dena kontuan hartuta, zalantzarik gabe, hobeto daude bai presoak bai euren senide eta lagunak. Eta nabarmendu nahi dugu hori ez litzatekeela posible izango urte luzeetan zehar euskal gizarteak egindako etengabeko mobilizazio eta borrokari esker izan ez balitz.

Baina ezin dugu ahaztu sakabanaketa eta urruntzea, erabaki politiko bat izanik, arduradun politikoak ere badituela, eta indarrean egondako 35 urte luze hauetan, horrek eragindako sufrimendua izugarria izan dela. 16 lagunek galdu dute bizia auto istripuetan presoak bisitatzera joaten edo bisitatik etortzen, dozenaka izan dira auto istripuak, zenbatezina gasolinan, alojamenduan eta bidaietan utzitako gastu ekonomikoa… Eta sufrimendu horrek guztiak oraindik ez dauka errekonozimendu instituzionalik. Bada garaia sufrimendu horren aitortzan eta erreparazioan pausoak ematen hasteko.

Uribe Kostako zenbat kide daude espetxeratuta gaur egun, eta zein egoeratan?

Egun, Uribe Kostako 12 euskal preso dauzkagu zigorra betetzen. Horietatik lau hirugarren graduan daude kontrol neurriekin: bi preso eskumuturreko telematikoarekin eta beste bi astelehenetik ostegunera espetxera lotara joateko beharrarekin. Gainontzeko zortziak espetxean jarraitzen dute bigarren graduan zigorra betetzen, horietatik zazpi Euskal Herriko espetxeetan eta bat, oraindik ere, frantziar estatuan espetxeratua. Eskualdeko 12 euskal preso hauetatik sei algortarrak dira, lau berangoztarrak, bat urduliztarra eta beste bat sopeloztarra.

EAEn, Jaurlaritzak espetxeen eskumena eskuratu zuenetik, zelanbait aldatu egin da euskal preso horien egoera?

Zertxobait hobetu egin da, baina gure ustez, ez behar beste, ezta behar bezain azkar ere. Nahiz eta Lakuako gobernuak esan eman dituen hirugarren graduen % 80 irmoak direla, hau da errealitateak eskaintzen digun argazkia: egun, 140 euskal preso baino gehiago daude; horietatik, soilik 21 daude baldintzapeko askatasunean, nahiz eta beste askok hori eskuratzeko baldintzak bete. Gauza bera gertatzen da hirugarren graduekin: soilik 24 preso daude sailkapen horretan. Aurten 26 gradu-progresio onartu dira, horietatik 10 errekurritu ditu Fiskaltzak eta sei kasutan kartzelara itzuli behar izan dute.

Horietako askok, ohiko bidea jarraituz gero, kalean egongo lirateke. Zerk ekiditen du hori? Zeintzuk salbuespen erabiltzen ditu Espainiako Estatuak baldintzapeko askatasunak, baimenak eta hirugarren graduetara sartzeko aukerak ezeztatzeko?

Bai, horrela da. Euskal presoei legedi arrunta aplikatuko balitzaie denak edo ia denak kalean edota kalea zapaltzen egon beharko lukete, bai irteera baimenekin, bai hirugarren graduekin, bai baldintzapeko askatasunarekin edota askatasunean zigorra guztiz beteta. Baina presoak euren kaleratze bidea urratzen hasi ahala, bi oztopo edo horma nagusiekin egiten du topo. Lehena, Audientzia Nazionalaren fiskaltza da. Euskal preso batek eskubide osoz gradu progresio bat lortzean, Audientzia Nazionalaren fiskaltzak etengabe eta modu ia sistematikoan errekurtsoak jartzen ditu presoa berriro espetxera bueltarazteko eta bere etxerako bidea oztopatzeko. Uribe Kostan aski ezaguna dugu bere jarduna, eta horren adibide dira Iñigo Gutierrez, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbaoren kasuak.

Bigarren oztopoa, euskal presoei espresuki aplikatzen zaien salbuespenezko legedia da. Hiru dira bereziki lege hauek: 5/2003 Lege Organikoa, Espetxeak Zaintzako Epaitegi Zentralarekiko mendekotasuna ezartzen duena euskal presoentzat, horrela, euskal preso guztien ibilbide judiziala Auzitegi Nazionalaren menpeko Madrilgo epaitegi batean hartutako erabakien mende dagoelarik; 7/2003 Lege Organikoa, 40 urteko gehienezko espetxe-zigorrak ezartzen dituena, bizi osorako zigorren parekoak, eta baimenak eta gradu-progresioak eskuratzeko baldintza oso murriztaileak ezartzen dituena; eta azkenik, 7/2014 Lege Organikoa, Europar Batasuneko edozein herrialdetan antzeko delituengatik betetako espetxe-urteak Espainiako Estatuan kondena betetzean kontuan hartzea eragozten duena.

Gizarteratzea aipatu duzue behin baino gehiagotan; hori betetzen al du sistemak?

Presoak kaleratzen eta kalea zapaltzen hasten direnean, aspaldi ikusi gabeko mundu batean murgiltzen dira; berriro ere bere lekua topatu behar dute, lana bilatu, etxebizitza bilatu, errolda, tramite burokratikoak… Askok ere espetxeak, eta kasu askotan isolamenduak, eragindako osasun arazo psikologiko eta fisikoei aurre egin behar diete. Ikusmen arazoak eta hortzetako arazoak oso ohikoak dira. Beste kasu batzuetan, batez ere 20-30 urteko zigorra bete ostean, erretiratze adinean baina kotizazio urterik gabe dauden preso ohiak aurki ditzakegu. Azken finean, presoak kalera atera ahala, euren bizitza kalera berregokitu eta eraikitzen hasi behar dira berriro. Gizarteratzea aipatzen dugunean, honetaz ari gara; eta ez, argi eta garbi esan dezakegu sistemak gaur egun ez daukala tresna nahikorik norabide honetan preso ohi direnen beharrei erantzuteko. Hori horrela, txalogarria iruditzen zaigu sistemak dauzkan gabezi eta tresneria falta honi aurre egiteko asmoz Harrera Elkarteak egiten duen lana.

Egoera horiek guztiak gizarteratzeko, hainbat mobilizazioa egin eta egingo dituzue egunotan, eta handiena urtarrilaren 13koa izango da Bilbon. Zergatik izango da aurtengoa berezi?

Aurtengoa, sakabanaketa eta urrunketa gainditu osteko lehen mobilizazio nazionala izango da. Orain, aldarrikapen eta erronka fase berri batean murgiltzen gara. Pausu handi bat eman dugu dispertsioa gainditzen, baina orain, aurretik aipatutako salbuespen legediarekin amaitu behar dugu euskal presoen etxeratzea bururaino eraman ahal izateko. Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko dituen giltzak eskuartean hartu behar ditugu; salbuespen legediarekin amaitu behar dugu. Hau da urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan ozen eta irmoki aldarrikatuko duguna. Bete ditzagun Bilboko kaleak eta izan gaitezen konponbiderako giltza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun