Sopelako Udala prebentzio neurriak hartzen ari da Udaltzaingoa eta Surf Eskolak erabiliz bertako hondartzetan hondakin plastikoak dauden egiaztatzeko. Behar izanez gero, boluntarioen sare bat osatzeko harremanetan jarriko direla adierazi dute, Kiribile elkartea, surf eskolak, Sopelako ikastetxeak eta kuadrillen koordinatzailea barne.
Guruzne Carrasson Sopelako alkateak adierazi duenez, Sopelak itsasoagaz oso harreman estua du: "Eraztun Berdea bezalako ekimenek erakusten duten bezala, ingurugiroaren berreskurapena gure lehentasunetariko bat da. Gure kostaldea arriskuan dago eta sopeloztarrak eta herriko taldeak mobilizatuko ditugu behar izanez gero”.
Sopelako Udalak herritarrei eskatu die hondartzetara ez joateko, hondakinak biltzen hasteko. Izan ere, ohartarazi duenez, horrek egoera larriagotu lezake, pinportak hareatzan lurperatu daitezkeelako jende asko bertaratzearen ondorioz. Horregatik, Udaletik “lasaitasuna” eskatu dute: "Herritarren laguntza behar izanez gero, deialdi ofiziala egingo da, agintari eskudunen jarraibideei jarraituz, eta modu koordinatuan eta arduratsuan, ezarritako Larrialdi Planaren arabera".