Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, tokiko Udalak ikuskizun berezia eramango du Berango Antzokira. Bertan arituko dira Getxoko Eskuz Esku abesbatza eta Berangoko Emakumearen Elkartea, "emakumearen gaiak erdigunean jartzeko asmoz", abesbatzako presidente Esther Zarragak azaldu duenez.
Horrek iragarri duenez, joan den abenduan Muxikebarri Antzokian aurkeztutako ikuskizunaren modukoa taularatuko dute zapatuan Berangon, baina hango agertokira egokituta eta tokiko Emakumearen Elkarteagaz elkarlanean. Hala, alde batetik, getxoztarrek Les misérables eta Le Fantôme de l'Opéra bezalako piezen zatiak interpretatuko dituzte, musika eta mugimendua uztartuta; "izan ere, gure abesbatza apur bat ezberdina da; abestiak koreografiakaz lantzen ditugu", azpimarratu du abesbatzaren presidenteak. Horrez gainera, zapatuko emanaldian, talde berangoztarrak zumba-saio bategaz parte hartuko du ikuskizunean.
Ikuskizuna arrastiko 19:00etan hasiko da, eta sarrera euro batean egongo da eskuragai.