Beste urte bate, aldarrikapenez betetako eguna izan da martxoaren 8a. Eragile feministek gogoratu dutenez, aldarri askok gurutzatzen dute euren mugimendua, "patriarkatuaren aurkako borroka egiturazkoa baita. Erasoen, hilketen, bortxaketen aurka mobilizatzen gara, ez soilik gaur, urte osoan zehar". Hala, goizean goizetik, askotariko mezuak ozen entzunarazi dira herriz herri.
🟣 Gaur da martxoak 8, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna. Hori horrela, eskualdeko talde feministek askotariko ekimenak antolatu dituzte gaurko eta datozen egunotarako.
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2024
📢Hemen dituzue, herriz herri 👇https://t.co/aLYzG1UAcu #m8 #borrokafeminista
Besteak beste, kalera atera direnak indarkeria matxistaren kontra mobilizatu dira beste behin, baina baita soldata-arrakala, pentsionisten egoera, etxez etxeko arreta-zerbitzuaren langileen prekaritatea eta zaintzaile, gazte, "bollera", migratzaile eta arrazializatutako emakumeen egoera gogor salatzeko ere: "Sistema patriarkala modu zehatzen bidez eragiten digulako, eta, horregatik, elkarrekin erresistentzia bat eraikitzen ari garelako".
Euskal Herrian, mugimendu feminista indartsu dabilela azpimarratu dute, eta horren erakusgarri izan zela azaroaren 30eko greba feminista orokorra, zaintza sistema publiko-komunitario baten aldeko aldarria ozen entzunaraziz. Ildo horretan, aldarri hori mahai gainean jarri dute gaurkoan ere. Izan ere, deitoratu dutenez, greba-egunaren ostean, euren aldarriak negoziatzeko marko bat eskatu zioten bai Eusko Jaurlaritzari bai Nafarroako Gobernuari, "baina, berriz ere, gobernuek entzungor egin zieten gure eskakizunei".
🟣 Leioan, ikastetxeetako, Udaleko eta hainbat eragiletako kideek parte hartu dute Errekalde plazan egin duten elkarretaratze instituzionalean. Arratsaldean, manifestazioa 19:00 egingo dute Sakoneta kiroldegitik abiatuta.#Leioa #M8 #Martxoak8 pic.twitter.com/f42oen2IB7
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2024
Hori horrela, gaurko mobilizazioetan, euren irudia zuritzeko feminismoa erabiltzeari utz diezaiotela eskatu diete gobernuei eta, aldi berean, negoaziazio-mahaiak jar ditzatela mugimendu feminista subjektu eta solaskide gisa aitortzeko: "Zaintza-itunek ez digute balio, zainketak despribatizatzeaz, publikatzeaz, unibertsalizatzeaz hitz egiten ez badute, atzerritartasun-legea indargabetzeaz eta abar luze batez hitz egiten ez badute".
Izan ere, deitoratu dutenez, emakumeen lan-indarra da esplotatzen ari direna, "gu gara baldintza prekarioetan edo dohainik lan egiten dugunak, eta horri aurre egiteko tresna eraldatzaile bakarra zaintza sistema publiko eta komunitarioa dela argi daukagu, negozioei ateak itxiko dizkiena", azpimarratu dute mugimendu feministako kideek. "Bizitzak merkantilizatuak dituen eredu sozioekonomiko bat saldu digute, oinarrizko beharrak (etxebizitza, osasuna, zaintzarako eskubidea...) pribatizatzen eta gutxi batzuen eskuetan uzten ari dira, eta prozesu horien aurkako mugimendu bat ere bada mugimendu feminista".
Martxoak 8, Algortan #m8 #martxoak8 pic.twitter.com/aQFsBCkfkS
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2024
Azkenik, eskualdeko hainbat tokitan, tartean Algortan, Palestinan Israeleko Estatuak egiten ari den genozidioa salatu dute: "Emakumeak* gara gerra testuinguruetan lehen konkista lurraldea eta, horregatik, gaur ere, palestinar herriarekiko elkartasun osoa adierazi nahi dugu hemendik".