Uribe Kostan metroaren maiztasuna areagotzea proposatzen duen kanpaina aurkeztu du gaur EH Bilduk, "Hurrengo geltokia: Uribe Kosta!" lelopean. Koalizio abertzaleak proposatzen du Plentziako norabidean metroaren maiztasuna 13 minutukoa izatea, 20 minutukoa izan beharrean, gaur egun bezala: "Teknikoki eta ekonomikoki posible da, borondate eta lehentasun kontua baino ez da". Aurkezpenean Plentzia, Urduliz eta Sopelako alkateek parte hartu dute, Berango, Getxo eta Leioako zinegotziakaz eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariakaz batera.
Metroa martxan jarri zenetik, Plentzia, Urduliz eta Sopelako auzokideek maiztasun baxuena dute Metro Bilbaoko zerbitzu osoan. Gaur egun, Ibarbengoako geltokira heltzen diren hiru metro unitatetik bakarrak egiten du Plentziarainoko bidea. Horren aurrean, EH Bilduk proposatzen du bitik bat izatea: "Horrela, maiztasuna Plentziaraino handitzeko aukera izango genuke (20 izan beharrean, 13) eta gauza bera Larrabasterrako kasuan (13 izan beharrean, 6)".
EH Bilduko ordezkariek nabarmendu dutenez, "unitate bakar bat gehitu beharko genioke gaur egungo metro zerbitzuari. Artatza eta Ballonti lotuko dituen itsasadar azpiko tunelean 450 milioi euro baino gehiago xahutu beharrean, garraio publikoaren zerbitzua hobetzera bideratu daiteke inbertsio hori".
Azken urteetan Uribe Kostak hazkunde demografiko handia izan du, "eta bertan bizi diren auzokideek ere metro zerbitzu duina merezi dute", EH Bilduko kideek azpimarratu dutenez. "Gainera, kontuan hartu behar dugu gure herrietara bisitari ugari etortzen direla, batik bat udan. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da auto pribatuaren erabilerari alternatibak eskaintzea, eta horrek ezinbestean eskatzen du garraio publikoa hobetzea, bidegorri-sarea handitzea, lo egiteko herrien ereduak aldatzea eta abar".
Sopela, Urduliz eta Plentziako bizilagunei zerbitzu hori eskaintzeaz gain, kanpaina aurkeztu duten kideek azpimarratu dute beharrezkoa dela maiztasuna areagotzea Urdulizko ospitalera joaten direnentzat ere. Izan ere, ospitaleak zerbitzua ematen dio eskualde osoari, Getxo eta Leioa barne: "Ospitalera joaten diren herritar guztiek ez dute auto pribaturik eta, beraz, beharrezkoa da alternatibak eskaintzea. Gainera, ospitalera bidean doazen autoen kopurua murriztu behar dugu, gure herrien erdiguneak zeharkatu ez ditzaten, batik bat Sopelaren kasuan".
Sopela, Urduliz eta Plentziako alkateek eskaera bideratu diote Metro Bilbaori proposamena aztertzeko eta metroaren maiztasuna areagotzeko. Era berean, mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk Leioan, Getxon, Berangon, Sopelan, Urdulizen eta Plentzian, udalek ere eskaera egin dezaten.