Elkarrizketak

Marmitako Trap Banda: "Uribe Kostako euskararen elementuak erabili nahi doguz letretan"

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 26a, 09:51

Argentinako trap influentzia dute nagusi euren kantetan. ©MARMITAKO TRAP BANDA

Euskara eta trapa elkartzeko apustua egin gura dute Aitorrek, Guillek, Julenek eta Iñigok, Uribe Kostako Marmitako Trap Bandako kideek. Barrika, Berango, Plentzia eta Bilbokoak izan arren euren abestietan Urdulizi bereziki kantatzen diote, entseguak bertan egiten dituztelako eta elkarregaz aurretiaz izandako musika taldeak bertan sortu zirelako ere. Hala, "herriari maitasun berezia" diotela aitortu dute. Aspalditik kantak prestatzen aritu diren arren, duela 6 hilabete hasi ziren oholtzetara igotzen; horregatik, haiekaz elkartu gara euren ibilbide artistikoa hurbiletik ezagutzeko asmoz.

Zergatik Marmitako izena?

Taldearentzako garrantzi handirik gabeko izena nahi genduan, eta Guille eta Iñigo marmitakoagaz zoratzen direnez, izen hori erabaki genduan. Beraz, ez da hausnarketa sakon baten ondorio. Gainera, jendeari arreta pizten dio "marmitako" eta "trap" berbak elkarregaz ikusteak.

Duela gutxi abiatu zineten taldeagaz. Nolakoa izaten ari da hasiera? Kontzertuak eta boloak lortzea zaila egiten ari zaizue?

Egia esan proiektuak urte bi inguru daroaz bizirik, zuzeneko espektakulua ondo prestatu eta gure arteko ulermen musikala sakon landu nahi izan doguzalako. Prozesu nahiko iteratiboa izan da, eta landutako hainbat abesti bidean lotu dira, zuzenean transmititu nahi dogun sentsazioen eta abestien bateragarritasuna asko zaintzen saiatu garelako. 

Azken urte erdian ibili gara kontzertuetan, eta jo dogun lekuen zerrenda luzea da: Urduñako udal-igerilekuetan eta bertako auzo bateko jaietan, Bilboko Mytho aretoan, Sofar Bilbaoren sesio batean... Kontzertuen sasoiaren hasiera gogo handiz hartu dogu, normala dan moduan, urte eta erdi jo ta ke itzalean ibili ostean.

Ez jaku bereziki zaila eretzi kontzertuak lortzea gure estiloak publiko orokorrean lekua duelako, guztiz komertziala edo konbentzionala izan ez arren. Entzuleek eta antolatzaileek gustoko dabe eta sarritan aipatu dabe diferentea dala, baina aldi berean, oso dibertigarria eta gozagarria. Asko pozten gaitu horrelako kritikak entzuteak.

Nola definituko zenukete zuon estiloa? Zeintzuk dira zuon influentziak?

Guretzako Marmitako Trap Bandaren funtsa emozioa da. Gure estiloan musika garaikideko genero askok jolasten dabe elkarregaz: R&B, funk, soul, jazz, rap, trap, elektronikoa, etab. Egia esateko, gatz daukagu berba bategaz hori guztia deskribatzeko. Hala ere, Argentinako trap influentzia dugu nagusi, Ca7riel, Paco Amoroso eta Duki moduko artisten eskutik. Bestalde, Snarky Puppy, Cory Henry, Anderson Paak, The Free Nationals, Victor Wooten eta aipatutako estiloen barruan dabilen AEBetako musika modernoaren eragin itzela dugu. Nahasketa polit hori izanda Marmitako Trap Banda izendu genduan gure burua.

Zuon estetikari dagokionez, futbol taldeen kamisetak daramatzazue. Zergatik?

Egia esan futbol kamisetak daroaguz barregarria delako baina baita gure influentziak edo sustraiak erakusteko ere: Euskal Herria eta Argentina.

Euskarak zer nolako presentzia du zuon abestietan?

Momentuz, euskara, gaztelania eta ingelesa nahastu doguz abestien letretan. Guk sortutako hiru kanta argitaratu nahi doguz aurkezpen modura, eta hortik, ikusiko dogu. Argi daukagu Euskal Herriko gazteriari (eta edonori) zuzeneko musika modernoa, euskalduna eta landua eskaintzeko gai garela, eta horretara gatoz. Honetaz gain, Uribe Kostako euskararen elementuak erabili nahi doguz; etxeko euskararen aldeko apustua da guretzako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun