Zabalik dago itsasadarreko bulebarraren Lamiakoko tartea

Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 11:09

Bilbo eta Getxo arteko bulebarraren lehen fasea bukatu dute Lamiakoko inguruko pasealekuagaz. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Leioa eta Erandio lotzeko ibilbidearen trazaduraren lanak iazko ekainean hasi zituzten, eta 9,9 milioi euroko kostua izan dute. Bilbo eta Getxo lotuko dituen 6,5 kilometroko bulebarraren lehen tartea da hori; bitartean, Aldundiak Erandioko tartea eta itsasadarraren ertz biak lotzeko zubia eraikitzeko lanak egiten ari da.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur ireki duen bulebarreko lehen tartean, sei hegal-tarte egin dituzte, errepidearen plataforman obra gauzatzeko nahikoa ez zen eremuak zeharkatzeko. Azaldu dutenez, hegal-eremu horiek 216 metro lineal hartzen dituzte guztira, eta hainbat teknika erabili dituzte horiek eraikitzeko; besteak beste, kontrapisua duten lauzak, mikropiloteak lehendik zegoen plataforman eta harriaren gaineko piloteak itsasadarrean.

Lamiako eta Altzaga arteko bulebarra eraikitzeko proiektua idaztean, gainera, kanpaina geotekniko bat egin zutela ere azaldu dute Aldundiko iturriek, jarduketa egingo zen lurzoruak sakonki ezagutzeko. Kanpaina horretan bederatzi zundaketa geotekniko egin zituzten, eta geo-radarrez egindako 17 profil.

Bigarren fasea

Aldi berean, lehen tarte hori zerbitzuan jartzeagaz batera, bulebarraren bigarren faseko lanak egiten jarraitzen du Aldundiak, Altzagatik Elorrietaraino doan tartean. Aurreikuspenen arabera, bigarren fase hori datorren urteko maiatz aldera amaituko dute, 20 hilabeteko lanak eta 18,3 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

Hala, itsasadarreko bulebarra guztiz osatuta egongo da, eta Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezko eta txirrindularientzako bideak lotuko dituzte, 6,5 kilometroko ibilbide bategaz, egungo BI-711 errepidean. Orobat, bulebarra ezkerraldeagaz konektatuko dute, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako All Iron zubiaren bidez. Hala, bi azpiegiturek metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dutela azpimarratu dute Aldundiko iturriek.

Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metro zabaleko bizikleta-bide bat izango du. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-eremua, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Berebat, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera uzteko.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun