Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako hitzarmen berrirako aurreakordioa lortu dute langileek

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 22a, 08:49

35 orduko lanaldia, soldata igoera eta beste hainbat baldintza hobetzea lortu dute langileek.

Ia bi urteko negoziazioaren eta 20 greba egunen ondoren, Bizkaiko kiroldegietako langileek aurreakordioa lortu dute hitzarmen berria sinatzeko. LAB, CCOO eta UGT sindiaktuek positiboki hartu dute berria. "35 orduko lanaldiaren aldarrikapen historikoa lortu dute langileek. Soldatek, % 20,8 egingo du gora", adierazi du LABek. Alabaina, ELAk ez du aurreakordiorik onartu "ez duelako jasotzen erosteko ahalmena bermatzeko formularik". Horregatik, maiatzaren 20ko asteko eta ekain osorako deitutako lantokietako greba deialdiei eutsiko diela jakinarazi du sindikatuak.

LABen esanetan, langileek lortu dute zuten oinarrizko aldarrikapena: 35 lan orduko astea ezartzea, urteko 1.710 orduetatik 1.592era pasatuz. Modu horretan, lanordua "izugarri birbalorizatu" dutela nabarmendu du.

Era berean, adostutako soldata igoera lortu dute, eta ordu gutxiago lan egingo dituzte. "Aurrerapen handia da, kontuan hartuta kontratu gehienak ordu gutxikoak direla. Aurreikusitako atzerapenez gain, 2024ko abenduaren 31n egingo den KPIaren errebisioaren bidez, soldatak azken urteetako KPIra eguneratuko dira. Era berean, bi urtero errebisioak egingo dira, igoerak azpitik baleude, eskuratze ahalmena eguneratzeko", azaldu du sindikatuak.

Gainera, beste hainbat lan-baldintza hobetu dituzte hitzarmenean; besteak beste, domeketan lan egiteagatik konpentsazio plusa, ultra aktibitate mugagabea, gaueko plusa, nominen erregulazioa edota erretiro behartua. Bestalde, negoziazio batzordeak sortzeko konpromisoa ere adostu dute hainbat gai argitzeko, besteak beste, kategorien funtzioen argipenak.

LABek azpimarratu du borrokak egin duela posible aldaketa hau. Izan ere, CEBEK patronala posizio hauetatik "erabat aldenduta" zegoen negoziazioaren hasieran, eta "mugimenduak oso geldoak" izan direla azaldu du. "Zentzu horretan, sektoreko langileen irmotasuna funtsezkoa izan da, grebek jarraipen zabala izan baitute", baieztatu du sindikatuak.

ELA sindikatuak ez du onartu aurreakordioa

Aitzitik, ELAk ez du sinatu Bizkaiko kiroldegi eta zelaietako aurreakordioa, ez duelako jasotzen erosteko ahalmena bermatzeko formularik. Gainera, adierazi du 2023tik 2028ra arteko indarraldia izango duela horrek, eta, ondorioz, 6 urtez plantillek ez dutela izango lan baldintzak hobetzeko aukerarik.

Nabarmendu du aurreakordioagaz UGTk, LABek eta CCOOk "bizkarra eman diotela mobilizazioen eta grebaren bideari", eta  galdu dutela "sektorearen aldarrikapenei erantzungo zien hitzarmena lortzeko aukera". Horregatik guztiagatik, eutsiko die maiatzaren 20ko asteko eta ekain osorako deitutako lantokietako greba deialdiei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun